Sukaldaria
22:15ean
Bakio, gaur gauean, 'Sukaldaria' saioan
EITB
Joseba Arguiñanok Bakioko biztanleen istorio gastronomikoak bilduko ditu.
Gaur gauean, 'Sukaldaria' saioa Bakion izango da. Joseba Arguiñanok itsas zaporeko istorioak eta era askotako gastronomia izango ditu hizpide.
Gure sukaldariak hondartzan hasiko du eguna, lapak hartzen. Aitor Llaguno Txapel eta Igor Lopategi Luze bakiotarrekin arituko da arrokak miatzen. Hartutako lapak, gainera, Bakioko eran prestatuko dituzte, txakolinez bustita, eta jai giroan dastatuko dituzte, trikiti eta panderoaren soinuek lagunduta.
Bestalde, errementarien lana gertu-gertutik ezagutuko du Josebak Suola Art sutegian, eta Iñaki Olabarrik burdinarekin zer-nolako tresnak egiten dituen erakutsiko dio. Josebak, gainera, aizto bat egingo du Iñakiren laguntzaz. Ondoren, mendrezka bat egingo dute sutegian, eta aurretik egindako aiztoa probatuko dute.
Gure Arguiñano San Pelaio auzora joango da Jesus Olazarren bizimodua ezagutzera. Jesus Bakion jaio, hazi eta bizi den 81 urteko baserritarra da, eta azpigorri arrazako ahuntzak ditu. Josebak artzain lanetan lagunduko dio, artaldeari jatekoa emanez, eta, trukean, azken errezetarako antxume zati bat emango dio Jesusek. Antxume-txuletak tomate eta mozzarelarekin prestatuko ditu, Jesus ondoan duela.
Bakion hain ezaguna den euskal tortilla egiten ikasiko dugu Jon Peli Hormaetxea ostalari eta gastronomia-lehiaketen antolatzailearekin. Gainera, udako tomate txapelketa prestatzen ari denez, berarekin joango gara Jose Antonio Bustamenate Tato-ren sorora tomateak jasotzera eta dastatzera, eta, bide batez, baratzean erabiltzen duen sekretua jakingo dugu: mahats-konpost berezia.
'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai 22:15etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.