Itxi

Sukaldaria

Sukaldaria

Sukaldaria

22:30ean

Abadiñon izango da 'Sukaldaria' gaur gauean

EiTB

Abadiñoko bizilagunekin egongo da Joseba, eta haien istorio eta proposamen gastronomikoak bilduko ditu.

0:27
Joseba Arguiñano sukaldaria, Abadiñon

'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean, Joseba Arguiñanok Abadiño bisitatuko du, eta bertako biztanleen istorio eta proposamen gastronomikoak bilduko ditu.

Mari Luz Olaetxea izango da saioaren lehen protagonista, Amaia Salamancaren amama; ilobaren gaztaroko hainbat istorio kontatuko ditu. Josebak familiaren etxea bisitatuko du, eta Mari Luzek menestra berezi bat prestatuko dio bere baratzean hartutako barazkiekin eta beste hainbat osagairekin. Soloa jatetxea eta bi harategi izan zituen Mari Luzek, eta horren platerak famatuak ziren Abadiñon.

Horrez gain, gure sukaldariak abelburu txapelketa baterako behiak nola prestatu behar diren ikasiko du Ibon Lasuen abeltzainarekin. Abereak garbitu, orraztu eta erakustaldian ohikoa den desfilea egin beharko du. Gainera, txahalei jatekoa emango die, eta Josu 700 kiloko zezenaren aurrean jarriko da. Amaitzeko, txahal haragi-bolak prestatuko ditu Ibonekin.

Janariaz harago, Alluitz mendiaren hegalean, artileak ematen dituen aukera ugariak ezagutuko dituzte Euskal Herrian zortzi urte daramatzan Silvia Formentí kataluniarraren eskutik. Gure sukaldariak artilea landu eta osagai naturalekin tindatuko du. Gainera, ardi latxen ilearekin otzara bat egiten irakatsiko digu Silviak.

Amaitzeko, Abadiñoko Sagasta auzoko landetan artalde bat mugitzen saiatuko da Joseba, Jack artzain-txakurrari aginduak emanez. Euskal Herriko artzain-txakurren txapelketetan hain ezaguna den Aitor Urienen eta haren familiaren istorioa ezagutuko dute bertan. Artzain familia bateko laugarren belaunaldia da, eta 11 urterekin hasi zen lehian. Bukatzeko, aho zabalik uzteko moduko plater bat prestatuko du Arguiñanok: bildots brotxeta marinatua tipularekin.

'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.