Itxi

Sukaldaria

Sukaldaria

Sukaldaria

22:30ean

Joseba Arguiñano Getarian izango da 'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean

EITB

Itsasoa, arraina eta txakolina izango dira protagonistak.

0:28

'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean Getariara joango da Joseba Arguiñano. Kostako herria izanik, itsasoa eta arrainak izango dira protagonista nagusiak.

Hainbat arrantzale jubilatu ezagutuko ditu Josebak, Josu tartean. Portuan ematen du eguna, bertako lanetan laguntzen, eta beraien elkartera gonbidatuko du gure sukaldaria. Berdel marmitakoa prestatuko dute, eta Josuren bi lagun batuko zaizkie: Ezequiel eta Emeterio.

Maisor Getariako artisau kontserba lantegiko dendan antxoak erosiko ditu Josebak Mikeliren laguntzaz. Mikeli etxeko andrea da, eta bere ahizpa Maite eta bere lagun Pepitarekin elkartzen da jubilatuen txokoan. Antxoak oliotan prestatzen irakatsiko diote Josebari.

Fernando Alberdiri esker, postre ederra izango dute eguna borobiltzeko: piperrekin egindako izozkia. Fernandok Getarian duen Dona Doni izoztegian prestatuko dute. Trukean, Josebak bere errezeta prestatuko dio Politena jatetxean: Berdel errea barazki eta romesko saltsarekin.

Amaitzeko, Josebak ez du alde egingo Getariako txakolina dastatu gabe. Horretarako, Zimmermann familiaren Elkano txakolindegia bisitatuko du. Bertan, edari hau egiteko prozesua eta sekretuak ezagutuko ditu, plater eder eta mitiko bat prestatzen duten bitartean: txipiroiak pelayo erara.

'Sukaldaria' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.