sautrela
Literatura
Miren Odriozolaren bizipenak hizpide, Leire Ibargurenekin, 'Sautrela'n
EITB
Gainera, sare sozialen eta literaturaren arteko harremana aztertuko dute eta Ez da konprenitzen ahal gerra! nobela grafikoa ezagutuko dute.
Maiz gertatzen zaigu ez ditugula ezagutzen inguru-inguruko istorio harrigarri ugari. Halako zertxobait gertatu zitzaion Leire Ibargureni Miren Odriozolarekin, haren El Salvadorreko gerrillako bizipenak ezagutu zituenean, eta horrekin liburu bat osatu behar zuela pentsatu zuen. Laura esaten zioten liburua da horren emaitza, eta gaurko 'Sautrela' saioan aurkeztuko du. Besteak beste, haren lana gerrillako zaurituak artatzen, gerraren latz eta penak, kontraesanak eta bizipen eraldatzaileak ezagutuko ditugu orrialdeotan zehar. Ibargurenek osatutako narrazioa da gidari, baina horrekin batera, Odriozolaren kide izan zirenen ahots ugari ezagutuko ditugu halaber. Aste honetako saioan, bada, horiei buruzkoak izango dituzte mintzagai Ibargurenekin: nor da Odriozola? Nolatan izan da hain ezezagun? Zer irakatsi digute haren esperientzia eta bizipenek?
Erreportajean sare sozialen eta literaturaren arteko harremanaz hitz egingo dute. Sare sozial eta teknologia berriek gure mundua abailan eraldatzen ari dira, baina ba al da horren guztiaren zantzurik egungo literaturan? Islatzen al du literaturak sare sozialetako mundu hori? Eta alderantziz, sare sozialek eragin ote dute literatura egiteko edo irakurtzeko gure moduan? Edonola ere, harreman gazi-gozoa dutela ematen du, ez dutela osoki eta errazki elkar hartzen. Besteak beste, gai horiek aletuko dituzte Leire Palacios kultur kazetariak eta Kattalin Miner idazleak.
Saioaren bukaera aldera Asun Agiriano izango dute, kasu honetan Euskal Herriko gazte literaturako liburu bati buruz hitz egiten. Begoña Durruty idazlearen Cherch’pas à comprendre! / Ez da konprenitzen ahal gerra! nobela grafikoa izango du hizpide. Istorio lazgarri bezain ederra da, haren familian bizitako zenbait historiekin osatu duena, besteak beste.
Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango dituzte orobat.
'Sautrela' gaur eskainiko dute, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-ek eta ETB1ek.
1ek.