Itxi

sautrela

Literatura

Ana Malagonen ipuin berriak, 10:30ean, 'Sautrela' saioan

Irakurle kluben gainean arituko dira asteko erreportaje berezian.  

2:05

Gaur, maiatzak 6, Euskal Telebistaren lehen kateak 10:30ak aldera eskainiko du 'Sautrela' saioaren atal berria. Honako honetan Ana Malagon idazlea hartuko dute, Gelditu zaitezte gurekin lanaren gainean berba egiteko.

Duela hiru urte argitaratu zuen Ana Malagonek bere opera prima, mikroipuinez osaturiko Lasai, ez da ezer gertatzen izenekoa eta irakurle ugarik estimu handiz jaso zutena. Dirudienez, sormen bulkada horri segida eman eta bigarrena argitaratu du udaberri honetan, Gelditu zaitezte gurekin. Oraingoan, baina, mikroipuinak gabe, ipuin luzeagoz hornituriko liburua dugu, guztiak ere giza harremanen gozo eta, bereziki, gazietan kokatuak. Aurreko liburuan jada erakutsi zigun begirada zoli eta zorrotz hori bera da nagusi, baina oraingoan arnas luzeagoan. Pertsonaia margotsuagoak, istorio zabalagoak, garapen handiagoak eta abarrekoak. Malagon etorriko zaigu, beraz, aste honetako saioan eta kontatuko dizkigu liburu berriaren nondik norakoak zein aurrekoak utzi zion zaporea.

Jarraian, irakurle klubak izango ditugu protagonista erreportajean. Dakizuenez, azken urteotan ugaritu egin dira inguruotan, eta Euskal Herriko herri askotan aurkitzen ahal dira hilero-hilero (normalean) liburu baten bueltan biltzen diren lagunarteak. Taldeon helburuez, dinamikez eta mota ezberdinez jardungo dugu, hala, aste honetan. Nork hautatzen ditu liburuak? Zelako esperientzia izaten da irakurleentzat? Zein gai izaten dute hizpide?

Saioaren amaieran Asun Agiriano etorriko zaigu haur eta gazte literaturaz mintzatzera, kasu honetan Harkaitz Canok eta Lorena Martinezek sortutako Zer demontre dago aulkien azpian? liburu bereziaz. Pamiela editorialak emana argitara, bere generoko iazko liburu aipatuenetakoa izan dugu.

Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango ditugu.

p>