Itxi

sautrela

Gaur

Miren Gorrotxategi, arte liburuak eta Jaime Valverde, 'Sautrela'n

EiTB

33 ezkil liburuaren erreferentziak eta hori kontatzeko bulkada, artista liburu berezien azterketa, Francoren bilobari gutuna antzezlanaren kritika eta liburu-denden gomendioak izango dira aztergai.

1:44

2016. urteko opera prima nabarmenetakoa izan da Miren Gorrotxategiren 33 ezkil, eta horren inguruan hitz egingo dute gaur, 'Sautrela' saioan. Agustin Zubikarai saria lortu eta beka baten laguntzaz idatzi du nobela, kritikak nobela poliziakoaren neorruralismoaren artean kokatu duena. Familia baten baitako inbidia, ezinikusi eta bortizkeria, herri txiki eta ilun baten testuinguruan eta hil-kanpaien hotsa lagun. Azken hilabeteotan aski aipatu izan den liburua dugu 33 ezkil, eta Gorrotxategik haren idazte prozesuko zenbait argibide emango dizkigu, besteak beste. Nolatan sortu zen istorio hori kontatzeko bulkada? Zeintzuk dira Gorrotxategiren erreferentziak? Ze idazkera baliatu du lehen liburu horretan?

Erreportajean arte liburuez jardungo dira. Zenbat ote dute artetik? Zenbat liburutik? Joan den abenduan topaketa batzuk antolatu zituen Arteliburu 21 elkarteak Donostian, artista liburuak gaitzat hartuz, eta handik tira eginez, genero berezi honi buruz gehiago jakin ahal izango dute. Zeintzuk izan daitezke gure artean artista liburuen erreferenteak? Ba ote dute merkaturik? Nolakoak dira? Ze jarduera antolatu dituzten topaketa horietan?

Saioaren bukaera aldean, Jaime Valverde antzerki kritikaria etorriko da. Hilean behin izango dute antzerki obra baten inguruan mintzatzen, eta estreinakoan Francoren bilobari gutuna antzezlanaz arituko da. Ximun Fuchsek zuzendua eta hiru antzerki konpainiek elkarlanean ekoiztua, iazko antzezlan laudatuenetakoa izan da.

Amaitzeko, hemendik aurrera beti bezalaxe, liburu-denden gomendioak ere izango dituzte.

Hori guztia gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

p>