Oholtzan
22:00etan
Carlos Nuñez Arantzazun, gaur gauean, "Oholtzan" saioan
EITB Media
Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan Galiziako gaitero ezagunak Arantzazuko santutegian eskainitako 'Celtic Beethoven' ikuskizuna da. Hainbat artista izango ditu taula gainean lagun.
"Oholtzan" saioak Carlos Nuñez musikariaren Celtic Beethoven ikuskizuna eskainiko du gaur ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etatik aurrera. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, 2021eko abuztuan Arantzazuko santutegian eskainitako emanaldia da. Bertan, gaita-jotzaile eta flautista ezagunak omenaldia egingo dio Beethoveni, konpositorearen jaiotzaren 250. urteurrena dela-eta. Hala, Beethovenek idatzitako obrak interpretatuko ditu Carlos Nuñezek, irlandar, eskoziar edo galestar melodietan oinarrituta.
Bere ohiko taldekideak izango ditu Nuñezek ondoan, eta bertako hainbat artista gonbidatu ere taula gainean lagun, tartean Maria Berasarte abeslaria, Garikoitz Mendizabal txistularia, Itsaso Elizagoien trikitilaria, Jon Maya dantzaria eta Oinkari dantza taldea.
Musika klasikoaren eta folklorearen arteko fusioa, gaur gauean, "Oholtzan" saioan. 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.