Katebegia
22:30ean
Presoen senideez, gaur gauean, 'Katebegia'ren 'Galderaz jositako bidaia' atalean
EITB
Presoen senideak izango dira saio honetako protagonistak; hau da, kartzelan egoteko arrazoiak direnak direla ere senidea bisitatzera joaten direnen bizipenak.
Gaur gauean, presoak eta horien senideak izango dira 'Katebegia' saioko protagonistak. Preso dituzten senideak bisitatzera joaten diren uneak nola bizi dituzten azalduko dizkigute protagonistek, hau da, galderaz jositako bidaiei nola egiten dieten aurre. Bost pertsonaren bizipenak izango ditu saioak ardatz.
Angel Toña sailburu ohi eta bitartekari izateagatik ezagutuko dute askok. Oraingo honetan, baina, bere bizitza pribatuari erreparatuko diogu, senide bat preso baitu. Toñaren lagun bat eta haren emaztea hil zirenean haien seme-alaben ardura hartu zuen. Horietako bat orduan ihesi zebilen mutil bat zegoen, Aitzol. Bere aita hil eta urtebetera atxilotu zuten, eta geroztik, bederatzi urteotan, Toñak bi hilean behin egin dio bisita, espetxez espetxe eraman badute ere. Galderak egin izan dizkio, baina ez du inoiz bera bisitatzera joateko zalantzarik izan.
Maria Jauregik 19 urte zituen ETAk aita, Juan Mari Jauregi, hil zuenean. Berak dio hainbatetan unibertsitatean presoei buruz hitz egiten zutenean eztabaidak izaten zituela. Bigarren aukerak ematearen aldekoa dela dio, denok merezi dugula hori, eta ikaskideei hori esandakoan "ETAren biktimei esan hori" erantzuten ziotela, bera ere biktima bat zela jakin gabe.
Sara Majarenas preso ohia da, eta kartzelan preso pasatu zuen garaiaz eta bere bikotekide zena bien alaba hiltzen saiatu izanaz hitz egingo digu. Hurrengo egunera arte ez zuen gertatutakoa jakin, ezta alabak zuen larritasunaz ere. Bizitzaz eta heriotzaz arituko gara berarekin.
Joxe Mari Agirretxe, Porrotx pailazoa, Ibon Fernandez Iradi gaixo dagoen presoaren osaba da. Duela 10 urte, sakabanaketaren aurkako bideo bat egin zuten, eta, hori dela eta, fokuen azpian jarri zituzten pailazoak. Hainbat kontratu galdu zituzten horren ondorioz.
Xabi Solano Esne Beltzako abeslariak esan digunez, bere taldearen letra gehienak kartzelan egon den eta egun ihesean dagoen lagun eta taldekide batek idazten ditu. Aspaldi desagertu zen, 1995ean, eta ondo gogoratzen du egun hura.
Saioa horiekin osatzeko, bidaia bat ere egin dugu, Herrera de la Manchako kartzelaren ondoan dagoen Menano hotelera. Hotel horren jabearekin egon gara, bertan pasatzen dituztelako gauak hainbat presoren senideek. Horiekin duten harremanaz hitz egin dugu berarekin.
Gaur izango da ikusgai 'Katebegia' saioa, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude.