Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Zerba-arroz krematsu faltsua, bere orri saltsarekin eta arroz frijituarekin
Zerba-arroz krematsu faltsua, bere orri saltsarekin eta arroz frijituarekin
Osagaiak
  • (2 pertsonarentzat)
  • Zerba-arroz krematsua:
  • Baratxuria, atal bat
  • Tipulin bat
  • Patata bat
  • 2 zerba penka
  • Gurina, 120 g
  • Ardo zuri tanta bat
  • Barazki salda
  • Gatza
  • Gazta krema, koilarakada bat
  • Zerba orri saltsa:
  • Zerba orriak
  • Tipula bat
  • Patata erdia
  • Oliba olioa
  • Gatza
  • Barazki salda
  • Arroz-puztu frijitua:
  • Arroza
  • Ura
  • Gatza
  • Frijitzeko olioa
  • Piperrautsa
  • Zerba-penka makilatxo arrautzaztatuak:
  • 2 zerba penka
  • Arrautza bat
  • Irina
  • Gatza
  • Oliba olioa
Prestaketa

Zerba-arroz krematsua

Zerba penkei hariak kendu, patata zuritu, eta penkak eta patata arroz tamainako zatietan moztuko ditugu.

Baratxuria eta tipulina oso txiki moztu, eta zartagin batean gurin pixka batekin erregosten jarri, ondo egin arte. Zerba penka eta patata zatitxoak erantsi, ardo zuri tanta bat bota, eta murriztu ondoren barazki salda gehitu, ez asko, bakarrik zerba penkak eta patata egosi arte. Puntuan daudenean, sutatik atera eta gainerako gurina eta gazta krema gehitu, ondo nahastu krematsu geratu arte. Gatza nola dagoen probatu.

Zerba orri saltsa

Alde batetik ura irakiten jarri eta zerba orriak 30 segundoz egosi eta ur hotzetara pasa.

Bitartean zartagin batean tipula erregosten jarriko dugu olioarekin. Biguntzen denean, patata zatituta gehitu, barazki salda pixka bat ere bai, eta patata egosi arte eduki. Prestaketa hau zerba orri egosiekin elkartu eta ondo birrindu, iragazi eta eltze batean utzi.

Arroz-puztu frijitua

Arroza egosten jarri eta puntutik pasatzen utziko dugu, gutxi gorabehera 25 minutu egosiz. Uretan hoztu eta erretilu batean zabaldu egingo dugu lehortzeko. Arroza lehortzen denean, frijitzeko olioa berotu eta arroz eskukada bat botako dugu puztu arte, paperean xukatu. Gatza eta piperrautsa bota.

Zerba-penka makilatxo arrautzaztatuak:

Penkei hariak kendu eta makilatxotan moztu, 5 minutuz uretan egosi eta ur hotzetara pasa. Xukatu eta gatza bota, irin eta arrautzatatik pasa eta oliotan frijitu.

Bukaera

Plater sakon batean zerba-arroz koilarakada on bat jarri, inguruan zerba orri saltsa bota eta zerba-penka makilatxo batzuk arrozean ziztatu. Gainetik arroz puztua bota.