Bigarrenak
Magret betea
Magretari izkin batean laban luze batekin ebaki bat egingo diogu barruraino.
Onddoak zatitu eta zartagin batean olioarekin gorritu egingo ditugu. Foie-grasa epeldu, zainak kendu, gatza bota eta zabaldu egingo dugu. Onddoak gainetik banatu eta plastikozko bilkariarekin bildu egingo dugu, zilindro bat eginez. Hoztu eta plastikoa kendu egingo diogu eta magretaren barruan sartu. Koipea duen aldean, ebaki batzuk egin eta zartagin bero batean alde hortatik gorritu eta txigortuta utziko dugu. Buelta eman eta sutatik atera, zartaginean utzirik. Aluminiozko bilkariarekin estali.
Tipulatx glaseatua
Tipulatxak zuritu. Zartagin batean gurin zati bat urtu eta tipulatxak gorritu, ezti koilarakada bat bota, urritu eta modenako ozpin txorrotada bota eta egosten utzi, bigundu arte.
Ahabi saltsa
Zartagin batean gurina urtu eta ahabiak sueztitu, azukrea gehitu eta karamelizatu, ardo goxo txorrotada bat bota eta urritu loditu arte. Gehiegi urritzen bada, salda pixka bat bota.
Polenta eta intxaurrak
Polenta esnearekin egosi egingo dugu kazola batean. Egosita dagoenean, intxaurrak eta gatza jarri eta erretilu batean luzatu zentimetro bateko lodierarekin. Hoztu ondoren makilatxotan zatitu eta zartaginean gorritu.
Bukaera
Magreta labean berotu eta zati batzuk ebaki, platerean jarri eta ahabi saltsa gainetik bota. Ondoan tipulatx glaseatuak jarri eta ondoan polenta makilatxoak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa