Bigarrenak
Izokina papillotean
Kalabazina, azenarioa eta lekak juliana finean zatitu eta zartagin batean salteatu egingo ditugu su bizian 5 minutu inguru. Izokinari gatza jarri. Karta fata zati bat ebaki eta bertan barazki salteatuak jarriko ditugu, gainean izokin solomoa, olio txorrotadatxo bat eta papera itxi. Labera sartu 180 ºC-tan 5-8 minutuz.
Jengibrea zuritu eta zatitu egingo dugu. Oliotan sartu eta berotzen jarri.
Labetik ateratzerakoan, tipulina juliana eran zatituta, tomatea concasse eran eta martorriarekin batera izokin gainean jarri eta jengibre olio beroa gainetik botako diogu. Soja saltsa eta eztia batu, berotu eta izokin gainetik bota.
Tomate eta baratxuri erre saltsa
Labea berotzen jarriko dugu 190 ºC-tan eta erretilu batean tomateak eta baratxuri burua osorik sartuko dugu ondo erre eta egin arte.
Labetik atera, baratxuriari haragia kendu eta tomateak zuritu eta haziak kendu. Ontzi batean sartu eta ogi txigortuarekin eta fruitu lehor frijituekin elkartuko dugu. Ozpina, gatza eta olio txorrotada bat bota eta birringailuarekin ondo txikitu, pure fin bat geratu arte.
Gari zainzuri tenpura
Gari zainzuriak lodiak badira erditik ebakiko ditugu eta tenpuratik pasata, olio berotara botako ditugu, frijitu arte. Paper xurgatzailera pasa.
Bukaera
Plater batean izokina bere barazkiekin jarriko dugu eta ondoan gari zainzuri frijitu batzuk. Tomate eta baratxuri erre saltsarekin apaindu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa