Izarrak kalean
STARS. IZARRAK KALEAN
Sergio Hernandez izan da zazpigarren saioko irabazlea, Iruñean
EITB.EUS
EITB
Iruneko gaztea Eider Garciarekin lehiatu da finalerdian eta Marta Legarrarekin finalean. Biak ederki aritu diren arren, azkenean, Sergioren gozotasuna gailendu da.
Iruñean izan dira Maria Amolategi eta Alex Sardui aste honetan, 'Stars. Izarrak Kalean' saioko zazpigarren programan. Euren talentua erakusteko irrikan dauden lau bakarlari ezagutu ditugu oraingoan: Eider Garcia, Sergio Hernandez, Marta Legarra eta Aitor Osuna.
Lehen finalerdia
Sergio Hernandez irundarra izan du aurkari Eider Garciak lehen finalerdian. Ken Zazpiren 'Irudi biluztuak' kanta abestu du Sergiok, eta La Oreja de Van Gogh taldearen 'La niña que llora en tus fiestas' kanta aukeratu du Tolosako neskak.
Bi emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu dituzte Alex Sarduik eta Maria Amolategik. Eiderrek 9,65 euro lortu ditu; eta Sergiok, 25,71 euro. Beraz, Sergio Hernandez izan da lehen finalerdiko irabazle argia.
Bigarren finalerdia
Bigarren finalerdian, Aitor Osuna donostiarra eta Marta Legarra hendaiarra izan dira taula gainean, nor baino nor gehiago. The Righteous Brothers-en 'Unchained melody' aukeratu du Aitorrek; eta Giacomo Pucciniren 'O mio babbino caro' opera kanta, berriz, Martak.
Txanponak zenbatzeko ordua iritsi denean, oso antzekoa izan da ikus-entzuleen iritzia: 8,68 euro eman dizkiote Aitorri, eta 9,90 euro, Martari. Honenbestez, hendaiarra izan da bigarren finalerdiko irabazlea.
Finala
Sergio Hernandez eta Marta Legarra lehiatu dira zazpigarren saio honetako finalean. Robbie Williamsen 'Angels' abestia aukeratu du Sergiok finalerako. Martak, berriz, Andrea Bocelliren 'Caruso' kanta abestu du. Ikuskizun ederra eskaini dute biek, baina Sergiok (20,52 euro) baino diru gutxiago eskuratu du Martak (19,20 euro). Sergio Hernandez irundarra izan da, beraz, Iruñeko irabazlea, 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren final handirako txartela eskuratuz.