Itxi Liburuak
22:00etan
Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" eta Orreagako gudua, gaur, "Itxi Liburuak" saioan
EiTB
Gaizka Arangurenen laguntzarekin, Orreagako gudu ospetsuaren inguruko datu guztiak bilduko ditu, unibertsitateko ikasleei gaia azaldu aurretik.
Gaur gauean, Orreagako gudua izango da "Itxi liburuak" saioaren ikasgai berria. Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa irakasle lanetan jarriko dute eta Orreagan izandako gudua modu original batean aurkeztuko du unibertsitateko klase batean.
Aurretik, gaia ondo landu beharko du, eta Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, Orreagan gertatutakoaren arrastoak ezagutuko ditu Agirretxek. Besteak beste, gudua gertatu zen lekuan izango dira eta bertan erabilitako armak izango dituzte eskuetan.
Arangurenez gain, beste hainbat adituk lagunduko diote Agirretxeri erronkari aurre egiten. Tartean izango dira: Patxi Zabaleta, idazle eta euskaltzaina; Xabier Irujo historialaria; Juan Mari Txoperena eta Suberri Matelo, Aranzadiko kideak; eta Maite Aranburu, Gartxot egitasmoko kidea.
Bidean ikasitako guztia unibertsitateko ikasleei azaldu beharko die, bere bizipenetatik abiatuta eta modu original batean.
Euskal Herriaren historia ikasteko modu desberdin bat, ostegunero
"Itxi Liburuak" saioaren seigarren atala izango da ostegun honetakoa. Astero, pertsona ezagun bat ikusiko dugu ikaslez betetako ikasgela batean Historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta. Joan den asteetan, Jon Salsamendik Erromatarren garaia landu zuen.
"Itxi Liburuak" ostegunero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.