Izan Invictus
11. atalaren laburpena
Sudupe eta Nekane izango dira 'Izan Invictus'eko finalean!
EiTB
EITB
Lehenengo finalista bat-batean aukeratu behar izan dute lehiakideek; bigarrena desafioan erabaki da, ordea.
Julian Iantziren albisteak ustekabean harrapatu zituen gure lehiakideak: "Finalisten izenak ezagutzeko ordua iritsi da eta eta bat baino gehiago finaletik at geratuko da". Poza eta egonezina agerikoak ziren invictus izateko borrokan jarraitzen zuen zazpikotean. Hala ere, beraien urduritasuna areagotu egin zen Julianek eguneko bigarren bonba bota zuenean: "Eta lehenengo finalista oraintxe aukeratuko duzue zuen artean". Horiek bai horiek harridura eta larritasun aurpegiak!
Egia da gorrien aukerak urriagoak zirela, bi bakarrik egonda, baina bi boto ondo erabiliz gero, zerbait lor daiteke, trukean besterik ez bada ere. Dena den, ez zen horrelakorik gertatu, taldekako estrategiari eustea erabaki baitzuten. Beraz, lehenengo finalistak urdina behar zuen, eta ohore hori Sudupek merezi zuela erabaki zuten taldekideek.
Azkoitiarrak ezin zuen sinetsi finalean zegoela, are gehiago bide luze horretan duelurik jokatu gabe gainera. Horretan ere, azeri zaharra dela erakutsi zuen Aitorrek, Gorrotxari eman baitzion botoa, besteen botoei susmoa hartuta edo. Nolanahi ere, Sudupe da 'Izan Invictus' saioko lehenengo finalista. Ikusteko modua izan zen Seletaren aurpegia.
Julianek argi eta garbi azaldu zien finalerako falta ziren txartelak lortzea ez zela hain erosoa izango, finalean egon nahi zuenak izerdi dezente bota beharko zuela, alegia.
Finalerako bigarren txartela Amasaolako paretetan erabakiko zen, Leitzaranek eskaladako gune apartak ere eskaintzen baititu.
Proba ikusgarria eskaini ziguten partaideek, batez ere Nekanek eta Seletak. Bien arteko duelu bihurtu zen, nor baino nor gehiago azkeneraino. Azken metro horietan izan zen unerik latzena. Nekaneri metro gutxi falta zitzaizkion garaikurra harrapatzeko, baina Nekaneren soka Seletaren hankan trabatu zen edo Seletak berak trabatu zuen, auskalo! Galdakaokoak ezin zuen aurrera segi eta Seletarekin ika-mika hasi zen lurretik 30 bat metrora. Berriatuarrak beroaldian ez zuen soka askatzeko asmorik, baina azken unean hanka lasaitu zuen eta, merezimendu osoz, garailea Nekane izan zen. Beraz, bigarren urdina finalera.
Oraingoan ere, Seletaren haserrea ikustekoa izan zen, goizekoa baino askoz ere handiagoa finala eskura izan baitzuen, baina batez ere Nekanek proba hasi aurretik ziria sartu zielako inoiz ez zuela eskalatu esanez.
Beraz, Sudupe eta Nekane finalera iritsi dira, eta inork ez daki zenbat txartel geratzen diren ametsa lortzeko. Horrek erotzeko puntuan jarri ditu lehian geratzen diren beste bost partaideak, eta guztien artean okerren Seleta dago; berriatuarrak lehia utzi eta etxera alde egiteko gogoa ere adierazi du.
Zer gertatuko ote da? Gauza bakarra dago argi oraingoz: datorren asteko saiora arte itxaron beharko dugu falta diren finalisten izenak ezagutzeko.
Ez galdu 'Izan Invictus', asteazkenetan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, orain arte emandako atalak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.