Izan Invictus
10. atalaren laburpena
Talde gorria kinka larrian, Teresak etxerako bidea hartu ondoren
EiTB
EITB
Talde bien estrategia txarrek eta Gorrotxaren azken bultzadak Teresa Berastegiko lehiakidea kaleratzea ekarri dute 'Izan Invictus'en.
-
Teresa kanporatu dute. Argazkia: EiTB
Hamargarren atal honetan bukatu da Teresaren abentura 'Izan Invictus' saioan. Ezaguna da Berastegiko neskak jenio bizia duela, baina Gorrotxaren aurkako duelua galdu ondoren etxerako bidea hartu behar izanak sutan jarri du Teresa. Kamera saihesten saiatu da behin eta berriro, eta hitz potoloak izan ditu Julianentzat eta saioarentzat.
Haserre egoteko arrazoirik izan du, zalantzarik gabe, baina hobe haserrea bere buruari eta taldean hartutako erabakiei egotzi izan balie, taldean itsuan hartutako erabaki txarrek eraman baitute Teresa duelura. Noren aurka? Gorrotxaren aurka, berak eta bere taldekoek ahulena zelakoan aukeratutakoaren kontra.
Hala ere, hutsegitea desafioaren aurretik harturiko estrategian hasi da. Bikoteka lan egin behar izan dutela jakitean, Teresa Aiorarekin lotu da eta Seleta bakarrik utzi dute Gorrotxarekin, desafioa irabazten duen bikoteak giltza eskuan duela ahaztuta edo konturatu gabe.
Dena den, urdinek beste aukera bat eman diete gorriei, Nekanek Suduperekin garaipena lortu ondoren. Urdinen asmoa Gontzal aukeratzea izan da, erabakia euren esku egoteko eta Seleta duelura bidaltzeko. Baina, lehenengo botoan, Gorrotxa nahastu egin da eta ermuarrak hanka sartu du. Gontzalek berak ere bigarren hanka-sartzea egin du, sinestezina.
Beraz, nahaspila, hanka-sartze eta gorrien botoei esker, Gorrotxa eta Teresa joan dira duelura, eta bukaera ezaguna da: Teresa, etxera, haserre bizian, eta Gorrotxa, pozez zoratzen, duelura joan eta lehiakide indartsuenetako bat etxera bidali duelako.
Gorriak kinka larrian daude: Seleta eta Aiora besterik ez dira geratzen. Agian taldekako borroka aspaldi bukatu zela onartzeko garaia iritsi zaie, baina orain urdinen aginduetara ibiltzea ez da samurra izango.
Ez galdu 'Izan Invictus', asteazkenetan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, orain arte emandako atalak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.