Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Plazako bidaiak, gaurko "Hitzetik Hortzera" berezian

EiTB

Konfinamendu garaiko bat-bateko bertsoak izango dira, Bertsozale Elkarteak Internet bidez saioak egin ahal izateko martxan jarri duen ekimena dela medio.

  • Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Alaia Martin Bertsozale Elkarteak antolatutako saio esperimentalean

    Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Alaia Martin, aste honetako saio berezitik ateratako irudian

Koronabirusak erdiz erdi gelditu du bertso plaza, eta bertsoak sarean bilatu du zirrikitua berriro pixkanaka plazara itzultzeko, "plazari bertsoa ta/ bertsoari plaza" emateko, Oihana Iguaran bertsolariak kantatu bezala. Gaur arratsaldean, "Hitzetik Hortzera"k eskainiko duen Plazako bidaiak saio bereziak konfinamendu garaiko bat-bateko bertsoak ekarriko dizkigu Bertsozale Elkarteak abian jarritako ekimenari esker. 

Lau bertso ekitaldi berezitako bertsoak izango dira ikusgai. Bertsozale Elkarteak antolatutako bi, ohiko jaialdia bata eta saio esperimentala bigarrena, eta Erandio eta Abadiñoko udalek antolatu eta Bertsozale Elkartearen egoitzan Internet bidez egindako beste bi saio: Euskaraldiaren inguruan Erandiokoa eta herriko jaietako urteroko saioa Abadiñokoa. 

Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Xabi Igoa eta Jone Uria aritu ziren Elkarteak antolatutako lehen jaialdian, Idoia Anzorandiak gidatuta. Andoni Egañak, berriz, haurtzarora eraman zituen Amets Arzallus eta Alaia Martin, Bidaiak izeneko saio esperimentalen harian. 

Kike Amonarrizek gidatuta, Igor Elortza eta Onintza Enbeita aritu ziren Erandioko Euskaraldiaren inguruko saioan. Abadiñoko festetako jaialdian, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza eta Txaber Altube aritu ziren kantuan, Igor Galarza gai-jartzaile zutela. 

Alarma egoerak hala behartuta, saio horiek guztiak Bertsozale Elkarteko egoitzan grabatu dira, publikorik gabe, txalorik gabe... Bertsolarientzat oso baldintza bereziak, baina bertso uzta oso oparoa izan da, igandean ikusiko denez. 

Aurrera begira, antolatzaileen herrian bertan grabatzeko aukera ere izatea espero du Bertsozale Elkarteak, eta saioak bertako aretoan grabatu eta zuzenean emateko prestatzen ari da. 

"Hitzetik Hortzera" bereziak bertsolari eta antolatzaileen testigantzak ere jasoko ditu, baldintza hauetan kantatzeak edo bertso saioa antolatzeak dakarrenaren inguruan: besteak beste, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariak, Ana Hernandez Erandioko euskara teknikaria eta Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzailea. 

Bertsoaz gozatzeko aukera, ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera.