Hitzetik hortzera
15:00etan
Maialen Lujanbioren bertso ibilbidea, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Bertsoaldiak ez dira faltako, eta grabatutako bere ale esanguratsuenen errepasoa egingo dugu.
Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarra izango da gaur 'Hitzetik Hortzera' saioko protagonista. Ia 30 urte bete ditu plazaz plaza kantuan, eta egindako ibilbideaz, mugarriez eta asmoez arituko gara berarekin. Bertsoaldiak ez dira faltako, eta grabatutako bere ale esanguratsuenen errepasoa egingo dugu.
30 urte bete dira bertsokera berezidun haur hernaniar hura sorkuntza lanean hasi zenetik. Ibilbide horretan Maialen Lujanbiok bizitakoak ezagutuko ditugu igandeko 'Hitzetik Hortzera'n. Une batez denbora geratu eta atzera begira jarriko gara, urtez-urte eta mugarriz-mugarri iragana xehatzeko ahaleginean: "Egindako bidearen oroimen ederra daukat, lagunekin egin dut, eta mugimendu eder baten parte sentitzen naiz".
Bere mugarri artistikoei eta ideologikoei buruz galdetuko diote; baita hartu dituen erabaki, egindako ahalegin eta bizi izan duen inguruari buruz: "2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusian aurrerapauso bat eman nuen". Bat-batekotasunak dauzkan baldintza estuetatik ihes egitea ahalbidetzen dioten proiektu patxadatsuagoek zer ematen dioten ere jakingo dugu.
1992. urtean Hondarribian egin zuen Maialen Lujanbiok bere lehen plaza, hango emakume taldeak bultzatuta: "Niretzat oso garrantzitsua izan da Hondarribia eta bertako emakume taldea". Maialen Lujanbioren lehen plaza hartatik gaur egunera arte egin duen bilakaeran murgilduko gara.
Txapeldunetik txapeldunera Maialen Lujanbiok sei aldiz hartu du parte Bertsolari Txapelketa Nagusian: bi aldiz izan da txapeldun, birritan txapeldunorde eta baita hirugarren postu bat lortu ere. "Txapelketak eskatzen dituen ahalegina, exijentzia eta lana handiak dira", azaldu du Lujanbiok txapelketen inguruan galdetuta.
Andoni Egañak luzaroan kendu gabe zuen Euskal Herriko txapela, 2009an Maialenek lortu zuen arte. Igandeko programan bertsolari zarauztarrak hernaniarrari buruz esandakoak entzungo ditugu: "Gai bakoitzean nahi duena esatera iritsi da eta hori lorpen handia da bertsolari batentzat".
Egun, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean dihardu buru-belarri Lujanbiok: "Elkarte egituratu bat egoteak onura handia egiten dio bertsolaritzari". Horren inguruan ere ariko da 'Hitzetik Hortzera'n.
Bertsoaldi esanguratsuen bilduma Asko dira Maialen Lujanbioren bertsoaldi esanguratsuak. Igandeko programan, lagin bat ikusteko aukera izango dugu: besteak beste, 1992an Hondarribian egin zuen lehen plaza; 1993an Imanol Lazkanorekin Oñatin; edota Bertsolari Txapelketa Nagusian, 2001ean Donostian eta 2017an Barakaldon.
'Hitzetik Hortzera', gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta astelehenetik aurrera, EiTB Nahieran atarian.