Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Iritzi sortzaileak, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera'n

EiTB

Bertsoak ez dira faltako igandeko saioan, Gernika-Lumoko, Beasaingo eta Errenteriako bertsoaldiak izango dira entzungai.

  • Iritzi sortzaileak, igande honetan, 'Hitzetik Hortzera'n

    Iritzi sortzaileak, igande honetan, 'Hitzetik Hortzera'n

Bertsolarien hitzak sekulako indarra izaten du, bai plazan eta baita handik kanpo ere. 'Hitzetik Hortzera' Onintza Enbeitarekin izango da: plazan ez ezik, irratian, telebistan eta prentsan aritzen den iritzi-emailearekin.

Hitzak bidea zabal dezake; edo itxi. Parekoa haserretu; edo baretu. Bertsolariek ingurune ezberdinetan jartzen dute praktikan hitzak duen eragiteko ahalmena. Oholtza gainetik eman ohi dute iritzia gehienetan, izan librean edo gaia emanda. Dena den, askok iritzia emateko beste eremu batzuk ere probatu dituzte: irratian edo prentsan, esate baterako.

Plazan ez ezik, Gaztean eta Euskadi Irratian, 'Gure Kasa' telebista saioan, Berria egunkarian... iritzi-emaile multimedia da Onintza Enbeita. Hitzak eta iritziak zorroztuta ditu igandeko protagonistak. Euskarri bakoitzak interesgarri zer duen ezagutu nahiko du saioak eta baita nola daraman iritzi sortzaile izatearen kontzientzia ere. Berria egunkarian egunero idazten du Enbeitak; nola egiten du eguna joan eta eguna etorri zer idatzia izateko?

Bertso saioetan gai baten inguruan iritzia emateko eskatzen zaio bertsolariari. Oholtzara igo aurretik hausnarketa propioak egitea komeni den ala ez galdetuko dio Eider Perezek, eta benetan sentitzen dena kantatzeko askatasuna edukitzen den.

Bertso jaialdiak Beasainen, Errenterian eta Gernika-Lumon

Igandeko programak hiru herritan egingo du geldialdia bertako bertsoaldiak entzuteko. Hasteko, Beasainen ospatzen den urteroko bertso saioan izango da: Usurbe antzokian jesarri eta Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, German Urteaga, Jone Uria, Maddi Aiestaran eta Maialen Lujanbio entzungo ditugu; gai-jartzaile lanak, Mikel Urteagaren esku.

Errenteriako Niessen aretoan, berriz, Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Maia eta Sustrai Colina bertsolarien saioak jasoko ditu saioak; Amaia Agirrek jarriko ditu gaiak.

Azken geldialdia Gernika-Lumon izango da: urriko azken astelehen bezperako bertso saioko aleak izango dira entzungai. Kantuan, Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Etxahun Lekue, Jone Uria, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga, eta gai-jartzaile lanetan, Onintza Enbeita.

'Hitzetik Hortzera' bertsolaritza saioa igandetan izaten da ikusgai, arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean eta eitb.eus-en. Zuzenean ikusi ezin duenak EiTB Nahieran atarian ikusteko aukera izango du.