Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Danele Sarriugarte idazlearekin, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan

A.E.|EiTB

Azken urteotan arrakasta lortu duen idazlea da elgoibartarra. Irakurzaletasunaz, idazle lanaz, Elgoibarrez eta bertsolaritzaz ariko dira berarekin.

Izen ezaguna bilakatzen ari da letren munduan Danele Sarriugarte idazle elgoibartarra. 2012an Igartza Saria lortu ondoren, 2014an argitaratu zuen 'Erraiak' liburua. Bera izango da gaurko 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua. Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegian elkartuko dira berarekin eta irakurzaletasunaz eta idazle bizitzaz ariko dira berarekin. Ondoren, Elgoibarko antzokiraino gidatuko ditu programakoak eta bertsolaritzarekin duen harremanaz hitz egingo dute, eta baita herriaz ere.

Jaialdi ederra Elgoibarren

Elgoibarko bertso-jaialdiari tarte zabala eskainiko diote aste honetako programan. Abenduaren 28an izan zen saioa, Inozente Egunez, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga kantuan eta Uxue Alberdi gai-jartzen zirela, eta umoreak izan zuen tarterik: maitasunari ironiaz begiratu zioten Unai Iturriagak eta Maialen Lujanbiok; eta poeta erromantiko, iraultzaile eta "makarra" paperetik maitasunari kantatu zioten, hurrenez hurren, Amets Arzallusek, Oihana Iguaranek eta Unai Iturriagak.

Dena ez zen umorea izan, ordea: Luhusoko eta Greziako atxiloketei kantatu zien Amets Arzallusek eta heriotzaz galdezka ari zen Oihana Iguaran alabaren galderei erantzuten ahalegindu zen Amets Arzallus bera.

Gabon giroko saioa Galdakaon

Ez zen Elgoibarkoa izan, haatik, 'Hitzetik Hortzera'ko kamerek jasotako bertso-jaialdi bakarra. Abenduaren 23an, eguberri bezperetan, Galdakaon aritu ziren Oihana Bartra, Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze, Arkaitz Estiballes gai-jartzaile hartuta. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela jantzi berria zen Etxahun Lekue, eta beste laurek beren herrietara gonbidatu zuten kantura bertsoaldi eder batean. Ederra izan zen Miren Amurizak eta Maialen Lujanbiok Saturrarango kartzelaren inguruan osatutako ofizioa ere. Andoni Egaña eta Oihana Bartra berriz urte asko elkarrekin daramatzan bikotearen paperetik aritu ziren, sarkasmo puntu batekin. Gurasoei bakarkako hunkigarria eskaini zien Miren Amurizak Chavela Vargasen doinua hartuta; eta Greziako errefuxiatu-zelai batean kokatuta aritu ziren Aitor Mendiluze eta Etxahun Lekue.

Igandean ikusgai

Bertsoaldi horiek eta izango dira ikusgai gaur eitb.eus-en eta ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango dituzue EiTB Nahieran-en.