Herri txiki, Infernu Handi
Herri Txiki, Infernu Handi
Miren Nogales izango da "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko aurkezlea Pagadirekin batera
EITB Media
Zuhaitzen agurraren ondoren, igandean hasiko da saioaren 9. denboraldia Gipuzkoako Belauntzan.
"Herri Txiki, Amerika Handi" saioko azken atalean, Zuhaitzek saioa utziko zuela jakinarazi zion Pagadiri Hollywoodeko mendi tontorrean, baina "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa ez da amaituko. Zuhaitzen agurraren ondoren, Pagadik adiskide berria izango du Euskal Herriko herri txikiak bisitatzen jarraitzeko: Miren Nogales. Aktore zestoarrak zenbait antzezlan eta filmetan parte hartu du, horien artean, Thi Mai: Rumbo a Vietnam. Horrez gain, ETBren "Pikuak" webserieko protagonista eta ETB1eko "Egunak Egin Du" saioan kolaboratzaile izan da. Oraingoan aurkezle lanetan ibiliko da.
Igandetik aurrera "Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren 9. denboraldia jarriko da abian Miren Nolages eta Mikel Pagadik aurkeztuta. Gipuzkoako Belauntzan hasiko dute ibilbidea, eta, bigarren atalean Nabarniz bisitatuko dute, Bizkaiko Busturialdean. Hurrengo ataletan, Nafarroako Zangozerri eskualdeko Irunberrira eta Nafarroarekin muga egiten duen Arabako Harana udalerrira joango dira. Bosgarrenean, berriz, Aiako (Gipuzkoa) Urdaneta auzora egingo dute bisita.
Ez galdu "Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren 9. denboraldia, otsailaren 5etik aurrera, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.