Herri txiki, Infernu Handi
22:00ETAN
Oiartzunen izango da, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa
EiTB
Joxe Leon, Amalur, Joxe Mitxelena, Dolorex, Kaxinto, Nekane, Nikolas eta Pelu izango dira atal honetako protagonista nagusiak.
Gaur, ekainak 14, Oiartzungo herritarrak ezagutuko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.
Tren gidaria da Joxe Leon. Tren berdea gidatzen du, eta Zuhaitzek horretan ezagutuko du. Bagoian sartu, eta bere finlandiar etxe tradizionalera eramango du gosaltzera. Indarrak hartuta, Amalur ezagutuko du. Ozentzioko ermitaren jabe da Amalur; etxe ondoan du ermita, eta berak du haren ardura. Boladerua ere erakutsiko dio; bertan hainbat txori ditu, Taeniopygia guttata espezieko pila bat tartean, "zebra-diamantea" izenaz ezagutzen direnak; horiek bera baino emankorragoak direla esaten du. Joxe Mitxelena topatuko du ondoren; 87 urte ditu Joxek, eta intxaurrak garbitzen dabilela ezagutuko du. Txirrindulari izana da, eta garai hartan zer edaten zuten erakutsiko dio. Horrela dago Joxe, arin-arin, eta bizikletara di-da igo eta sokasaltoan nola aritzen den erakutsiko dio. Bukatzeko, Dolorex topatuko du etxe aurrean, deskantsuan. Eguneroko paseoan ari dela, errezatzeko aprobetxatzen du Dolorexek, baita indarberritzeko ere.
Pagadi, bere aldetik, Kaxintorekin elkartuko da. Kaxintok katiuskak janzten ditu beti lanerako, eta gosaria beti ordena berean hartzen du: donutsa lehenbizi, eta laranjak gero. Behor bat du Kaxintok, gainean ibiltzeko zaldi handia da, eta Lamborghinian eramango du ezagutzera. Oiartzungo hizkeraz arituko da Pagadi Nekanerekin. Hitz berezi asko dituzte, eta sorgin hizkuntza ere erakutsiko dio. Belaunaldiz belaunaldi pasatu da; Nekanek amonarekin erabiltzen zuen, eta garai batean ezkutuan egiten zen: ulertuko al dute elkar? Nikolasekin egingo du topo jarraian. Artzaina da Nikolas, eta Otsua goitizena du. Gosari ederra egingo dute biek, ardiei manikura egin aurretik. Kalean, Mobylettean doan talde bat ikusiko du. Pelu geldituko du, eta urtero egiten duten irteeraren berri emango dio: orduko 35 km-ko abiaduran, Gijon, Salamanca eta Montserraterako bidaiez arituko dira. Nola antolatzen diren azaldu eta ibilbiderako eramaten duten GPSa erakutsiko dio.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.