Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Agoitz, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EiTB
Zuhaitz eta Pagadi Nafarroako Agoitz herria ezagutzen ibiliko dira aste honetan.
Igande honetako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Nafarroako Agoitz herria ezagutuko dute.
Hasteko, Agoitzeko gaiteroen taldeko kide den Unai ezagutuko du Pagadik. Pasio berezia du Unaik: erraldoiak. Txikitatik datorkion afizioa da hau. Hainbesteko pasioa zuen, ezen gaiteroen taldean sartzea erabaki zuela erraldoien alboan egon ahal izateko. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat erraldoien 200 erreplika baino gehiago ditu etxean. Herriko jaietan kaleetan barrena dantzatzen dituzten erraldoiak ezagutzeko aukera ere izango du Pagadik.
Bigarrenik, Aitziberrekin topatuko da, baratzean. Baratzak eta aitzur hotsak musika dira Aitziberrentzat eta aitzurkaden soinuak erlajatu egiten du. Ortuan lanean aritu eta gero, txistorrak egingo dituzte Pagadik eta Aitziberrek.
Ondoren, Estatu Batuetako cow boy zapela jantzita duela aurkituko du Pagadik Aritz agoiztarra. AEBtako Dakotan egon zeneko pasadizoak eta garagardoarekiko duen pasioa nondik datorren azalduko dio.
Bukatzeko, Unairekin eta Beñatekin elkartuko da eta, bide batez, Agoitzen urtean behin ospatzen duten "txokolatearen jota"n dantzarien eta gaiteroen arteko norgehiagoka zertan datzan azalduko diote. Nork irabaziko ote du?
Zuhaitzek, berriz, eguna ondo hasteko, erlaxazio ariketa batzuk egingo ditu Maiderren laguntzaz. Yoga irakaslea da Maider eta aero-yoga ariketak egiten nahiko lan edukiko du Zuhaitzek. Erabat zorabiatuta bukatuko du.
Ondoren, "De la Zeta" ganadutegia ezagutzeko aukera izango du, Luisen eskutik. Urtero jaiotzen diren pottoken izenak aukeratzeko sistema berezia ere zein den ikasiko du Gurrutxagak. Aurten, pilotarien izenak jarri dizkiete zaldiei. Gainera, behor albino bat ikusteko aukera edukiko dugu.
Tomas eta Maria senar-emazteak ezagutuko ditu geroxeago Zuhaitzek. Agoizko Kostradaren Lagunak kofradiaren presidente da Tomas. Agoizko postre tipikoa da kostrada, eta gustatzen ez zaion arren, kofradiako presidentea da Tomas. Bere emazteak aldiz, 16 orduko baraualdiak egiten ditu eta baraualdi horiei amaiera ematen die barazki bereziekin egindako zuku batekin. Horiek biak dastatuko ditu Zuhaitzek.
Bukatzeko, Kati eta Blancarekin egingo du topo Zuhaitzek. Agoizko farmazian lan egiten duen poeta afizionatua da Blanca. Betidanik eduki du poesiarekiko zaletasuna eta farmazian idazten ditu bere poesiak: azkena melatoninari eskainitako da. Katik berriz, "poesia de emergencia" zer den azalduko digu. Telefonoz zenbaki batera deitu eta poesia bat entzuteko aukera ematen du poesia de emergenciak. Poesia horiek telefono bidez irakurtzen dituzten lau pertsona besterik ez daude Euskal Herrian eta horietako bat da Kati.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.