Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Lesaka, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Igande honetako emankizunean Nafarroa aldean ibiliko dira Zuhaitz eta Pagadi.
Lesakara joango da gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa, herria hobeto ezagutu eta bertako bizilagunekin mintzatzeko.
Pagadik Juan Carlos Pikabea ezagutuz hasiko du eguna. Herriari buruzko hainbat bitxikeria kontatuko dizkio Juan Carlosek. Besteak beste, Lesakako eliza Nafarroan dagoen handienetako bat dela eta hainbat jende famatu pasatu dela historian zehar Lesakako karriketatik. John Wayne eta Audrey Hepburn, besteak beste. Mikelek Olentzerok Lesakan duela jatorria azalduko dio Pagadiri eta Euskal Herriko ikazkinik ezagunena herri honetan Frankismo aurretik ere ezagutzen zutela kontatuko dio. Joxe Anjel Zubiriarekin zaldiz ibiliko da herriko kaleetan, izan ere eguneroko enkarguak zaldiz egiteko ohitura dauka Joxe Anjelek. Pitxurrirekin Bortzirietako Gorriak Osasunako kirol-lagunartearen lokalera joango da eta futbol taldearen partiduetan dituzten ohiturei buruz hitz egingo dio. Bukatzeko Javier Igoaren etxera igoko da bere tronpeta soinuak erakarrita. Musika irakasle ohi honek banda baterako pieza bat konposatu zuen 'Miguel Indurain' Atarrabiako txirrindulari ezagunaren omenez eta pieza horren nondik norakoak azalduko dizkio Pagadiri.
Zuhaitzek, bere partetik, Karmelo Mitxelena ezagutuz hasiko du eguna. Karmelok bere 'masajista beltxarana' aurkeztuko dio Zuhaitzi eta bizikleta estatikoan egunero 36 kilometro egiteko ohitura duela azalduko dio. Bestalde, Joseba Lasa eta Mikel Oiartzabal ezagutuko ditu. Josebak auto istripua izan zuen 2014an eta ordutik gurpildun aulki batean dabil. Horrek ez du geldiarazi eta Mikel eta kuadrillako gainontzekoen laguntzarekin aurrera egitea lortu du. Gaur egun palan jokatzen du eta partida baterako desafioa botako dio Zuhaitzi. Jarraian Mikeli Olaetxea edo Lesakako Mary Poppins ezagutuko du. Mikelik bere bizikleta morea erakutsiko dio eta bere maitasun platonikoa nor den ere kontatuko dio: Richard Gere. Era berean, Lesakako Richard Gere partikularra nor iruditzen zaion aitortuko dio: bere bizilagun Ramoniren senarra, Joxe. Aitzakia horrekin Ramoni Tapia ezagutuz amaituko du eguna Zuhaitzek. Ramonik gauza asko partekatzen ditu bere bizilagun Mikelirekin; bizikletarako afizioa adibidez. Arrazoi horregatik lesakar askok ahizpak direla pentsatzen du eta uste hori ezeztatzen lagunduko dio Zuhaitzek.
Historia hauek eta gehiago gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.