Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00ean

Maruri-Jatabe, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

Zuhaitz eta Pagadi izozkiak saltzeko kamioneta batean iritsiko dira Bizkaiko Maruri-Jatabe herrira.

0:23

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Maruri-Jatabera (Bizkaia) joango dira Zuhaitz eta Pagadi. Ideia ezin aldrebesago batekin iritsiko dira bertara, izozkiak saltzeko kamioneta batekin.

Zuhaitzek Joxe ezagutuz hasiko du eguna. Joxek sendo gosaltzea du gustuko. Maiz gosaltzen du haragi xerra ardoarekin lagunduta. Hori bai, edateko, Cola Cao eta ardoa tartekatzen ditu. Gainera, Joxek, badu beste bitxikeria bat, berak dioenez, gainontzekoak baino bost minutu aurreratuago bizi baita.

Ondoren, Maria Luisa ezagutuko du Zuhaitzek. Maria Luisaren adina misterio handia da. Ez dio bere adina inori esaten, ezta Zuhaitzi berari ere. Hori bai, ez du inolako arazorik bere burua herriko egutegiko argazkietan erakusteko.

Jordirekin, berriz, mendigoizaletasun gaiak ezagutuko ditu Zuhaitzek. Jordi kataluniarra da jatorriz, eta maitasun kontuengatik etorri zen Euskal Herrira. Hainbat espedizio egin ditu Himalaia aldera, tartean, Everesteko tontorrera. Inesekin, berriz, euskal izenen errepaso bat egingo du. Eguna, siesta bat eginda bukatuko du.

Mikel Pagadik, berriz, mendizale ezin klasikoago bat ezagutuko du: Felipe. Felipek mendira joateko 'betiko era' maite du, ogitarteko, ardo zahato, ardo botila eta enparauekin. Are, ez ditu gaur egungo mendizale sutsu eta kirolari horiek ulertzen. Felipek mendia gozatzeko dela aldarrikatzen du.

Josebarekin, aldiz, ehiza kontuez ariko da Pagadi. Josebak bi txakur ditu: Sei eta Neska. Teoria bitxi bat ere badauka Josebak, emeak diren txakurrek zenbaki bikoitiak dituztelako bere esanetan; izen bakoitia ei dute arrek.

Sukalde lanetan ere ariko da Pagadi. Juanma okina da eta ogi zinez bereziak egiten ditu. Juanma gai da gintonik, kubalibre eta garagardo zaporeko ogiak egiteko. Pagadik erronka botako dio eta marianito zaporeko ogia egingo dute elkarrekin.

Azkenik eta bukatzeko, Maite ezagutuko du Pagadik. Maruri-Jataben bizi da Maite, baina edonongoa izan daiteke bera, Quebecen jaio ostean, hainbat tokitan bizitakoa baita, tartean, Elgoibarren eta Sopelan. Ukelelea jotzeko zaletasuna du Maitek, eta pare bat kantu abestuko dizkio Pagadiri.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.