Gure Kasa
Gaur
Bueltan da "Gure Kasa", asteroko saio bihurtuta
EiTB
Ostegunero izango da ikusgai, ordutegi nagusian, eta hiru gonbidatu izango ditu astero. Lehen atalean, Iker Irribarria pilotaria, Xabi Solano musikaria eta Lucia Lacarra dantzaria hartuko dituzte.
Gaur, bi hilabete etxetik atera gabe eman eta gero, "Gure Kasa" platora bueltatuko da. Berrikuntza askorekin dator: ordutegi nagusiko saio bihurtu da, ostegunero izango da ikusgai, eta hiru gonbidatu izango ditu astero, bakarra izan beharrean. Julen eta Antton Telleria inoiz baino gogotsuago datoz, eta, ondoan, Aitziber Garmendiak ETBko izar bilakatzen ari den Virginia Santos pertsonaia gorpuztuko du.
Lehenengo atalean, Iker Irribarria pilotaria, Xabi Solano musikaria eta Lucia Lacarra dantzaria gonbidatu dituzte. Nola ari dira bizitzen egungo egoera berezia? Beraien bizitza profesionala bertan behera geratu da, eta egoera berrira moldatu behar izan dute. Hala ere, etorkizuneko proiektu asko dituzte, eta horien berri ematera etorriko dira "Gure Kasa"ra. Gainera, jolasean aritzeko aukera ere izango dute saioan.
Bost kolaboratzaile izango dituzte "Gure Kasa"ren fase berri honetan: Joseba Beloki, Maddalen Arzallus, Onintza Enbeita, Marta Elvira eta Joseba Olagarai.
Joseba Beloki gure gizartean eta kulturan erreferente diren lagunekin izango da, eta covid-19ak haien lanbide eta bizitzan nolako eragina izan duen erakutsiko digu. Lehen programa honetan, Beloki Mikel Martinez aktorearekin izango da. Martinezek zenbait antzezlan zituen martxan, eta Bilboko taberna baten jabe da. Dena utzi eta itxi behar izan du.
Marta Elvirak, bere estiloari eutsiz, Potilleoa egin zuen hasieran, Balkoneoa ondoren, eta Terrazeoa egingo du orain. Lehenengo saio honetan, Zumaian izan da, hiru gonbidatuen inguruko galderak egiten.
Maddalen Arzallusek Abestien zaindaria atala egiten jarraituko du, abestuz, eta abestien bertsio bereziak ere prestatuko dizkigu.
Joseba Olagaraik atal berria dakar, jende ezezagunaren testigantzak bilduta, betiere bizi dugun garai honekin loturikoak. Lehenengoan, maiatzean ezkondu behar zuen Gasteizko bikote batekin egon da Olagarai, eta ezkontza bertan behera utzi behar izan zutela azalduko diote.
Onintza Enbeitak lehenengo aldiak izango ditu hizpide: itxialdiaren osteko lehenengo aldia ile-apaindegian, itxialdiaren osteko lehenengo aldia arropa-denda batean... Nola ibili behar dugu orain halakoetan? Zeintzuk dira arau berriak? Onintzak azalduko dizkigu, bertako protagonistekin, eta bere estilo umoretsuari uko egin gabe. Lehenengo programa honetan ez da izango Onintza.
Amaitzeko, etapa berri honek beste berrikuntza bat ekarriko du. Astero, kolaboratzaile ezagun bat izango dute bere txoko kuttunenak erakusten. Lehen saio honetan, Reyes Prados kazetari eta aurkezlea izango dute. Prados Sevillakoa da, baina Elgoibarren bizi da. Bertako bazterrik kuttunenak grabatu eta platoan erakutsiko ditu.
"Gure Kasa" ostegunero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.