Itxi

Gora Bihotzak

Gora Bihotzak

Gora Bihotzak

ETB1en eta eitb.eus-en

"Gora Bihotzak" udarako talk show berria, astelehentik ostegunera, Julen Telleria eta Miren Nogalesekin

EITB MEDIA

Astelehenetik ostegunera, zuzenean, Zarauztik eskainiko dute saioa, 21:30ean.

  • Julen Telleria eta Miren Nogales

    Julen Telleria eta Miren Nogales

Julen Telleriak eta Miren Nogalesek "Gora Bihotzak" programa aurkeztuko dute, ETB1eko udako gauetarako talk show berria. Zuzenean, 21:30etik 22:30era, Zarauzko erdiguneko lokal batetik arituko dira astelehenetik ostegunera, eta bertan belaunaldien arteko kolaboratzaile talde zabala izango dute.

Berrikuntza nagusietako bat da telebistako dekoratua gizonezko arropa-denda batean jarriko dela. Oso denda ezaguna izan zen Zarautzen eta inguruetan, eta duela urtebete inguru itxi zuen nagusia erretiratu zenean. Orain, lokal guztia telebistako erakusleiho handi bihurtu da. Hala, ez da soilik eszenatoki bat izango, izateko eta egoteko modu bat ere bada.

"Gora Bihotzak" kalean hasiko da, eta aurkezleak bere eserlekua utzi eta kaletik eta kalekoekin arituko dira. Kamerek platoa erakutsiko dute, baina baita kalea ere. Azken finean, programaren beste protagonista bat da.

Gauero mahaiaren inguruan eseriko dira aurkezleak bere kolaboratzaileekin. Onintza Enbeita, Iker Galarza, Iban Garcia, Jokin Ayerregaray, Iker Plazaola… adin desberdinetako komunikatzaileak, gazteak eta helduagoak, profil desberdinekin, anitzak, bakoitza bere estilo eta estetikarekin. Eta guztien artean, gonbidatu ezagunak elkarrizketatzeko.

Programaren ezaugarri bat aipatu behar bada, haren tonu atsegina, dibertigarria eta bere nortasuna dira. Gauerako helburua eta erronka da une horretan Zarauzko kalean dabilen jendearekin, eta programako kolaboratzaile eta gonbidatuekin ondo pasatzea.

Julen Telleria eta Miren Nogales

Julen Telleria eta Miren Nogales

Herriko festak

Uda ez dago ulertzerik festarik gabe, eta "Gora Bihotzak" herriko jaietako ekitaldi txiki bat ere izango da. Horretarako, festarik festa ibiliko dira Karmele Gisasola Zelai III, Euskal Pentatloiko eta Euskadiko harri-jasotzaile txapelduna; eta Xabier Orbegozo Arria V aizkolaria, apustu mistoetan artista. Jende artean ibiliko dira biak, herri kiroletako erronka txiki bat pizteko.