Go!azen
Go!azen
Abian da "Go!azen" telesailaren 10. denboraldia
EITB Media
Telesail arrakastatsuak Donostian hasi ditu grabaketak ekainaren 12an. Oso denboraldi berezia izango da, 100 atalak gaindituko baititu aurten. Gainera, aktore eta pertsonaia berri ugarirekin dator musika, umorea eta gai sozialak landuko dituen telesail musikatua.
-
"Go!azen"
"Go!azen" telesail arrakastatsuak 10. denboraldiaren grabaketak hasi ditu Donostian. Pausokak EITBrentzat ekoizten duen telesail musikalak oso denboraldi berezia dauka martxan; izan ere, 100. atalera helduko da aurten.
Azken urteetan bezala, musika, umorea eta gai sozialak landuko ditu denboraldiko 10 ataletan zehar. Aurten, zazpi pertsonaia berri izango dira Basakabin: Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabier Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane).
Gainera, aurreko denboraldietan protagonista izan ziren Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saioa), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier) ere arituko dira bertan.
'Go!azen ' telesailaren 10. denboraldiko aktoreak
Denboraldian zehar, egungo eta betiko talde eta abeslarien abestien moldaketak entzungo dira: ETS, Bulego, Zetak, Izaro, Berri Txarrak, Maixa eta Ixiar, Sagarroi, Izaki Gardenak...
Transmedia fenomenoa
"Go!azen" transmedia fenomenoa bilakatu da, eta bere presentzia telebistako pantailaz harago doa. Azken urte hauetan, denboraldi bakoitzak kontzertu bira bat ekarri du Euskal Herriko hainbat herri eta hiritara. Guztira, 200.000 sarrera baino gehiago saldu dituzte ikuskizun horietan.
Gainera, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, irail honetan zazpigarren eleberria argitaratuko du Alai argitaletxeak, Lur Gallastegik idatzitako Londonen galduta. Irailean ere, aldizkariaren ale berri bat argitaratuko dute, eta lau zenbaki aireratuko dituzte denboraldian zehar.
Bestetik, aplikazioan (iOS eta Android) eta eitb.eus webgunean, bideo bereziak eta filmatze lanetako argazkiak ikusi ahal izango dira. Halaber, sare sozialetan (Instagram, Facebook, Twitter eta TikTok) telesailaren inguruko eduki asko ere topa daitezke.
Eta aurtengo denboraldi berezia ospatzeko, "Go!azen" telesailaren inguruan hainbat ekitaldi eta ekintza berezi antolatuko dituzte uda honetatik aurrera.
Arrakasta Euskal Herritik kanpo
Urte hauetan zehar, "Go!azen" telesailak ATV saria irabazi du eta Rose D´Or sarietako finalista izan da. Aurten, gainera, TV3 telebistak "Jomaimai" izeneko bere proiektua jarri du martxan, Euskal Telebistako telesailean oinarrituta.