Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

21:00etan

"Go!azen" telesail arrakastatsuaren denboraldi berriaren estreinaldia, gaur gauean

EITB Media

Bost aktore berri ikusiko ditugu aurten. Alde batetik, Andoni Agirregomezkorta eta Alazne Etxeberria Basakabiko zuzendari eta begirale berriak izango dira; eta, bestetik, gazteen artean, Kimetz Etxabe, Mikele Arizkorreta eta Eleder Iglesias aktoreek egingo dute debuta.

0:38

Gaur, azaroak 18, Go!azen telesailaren 9.0 denboraldiaren estreinaldia eskainiko du EITBk. Ostiraletan, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai Basakabiko lagunen abentura berria. Gainera, "Go!azen" aplikazioan, EITB Nahieranen eta Youtuben ere izango dira eskuragarri denboraldi berriaren atalak.

Aurreko denboraldiko audientzia datu bikainei eusteko asmoarekin, aurten, hainbat nobedaderekin dator Go!azen telesaila. Hasteko, Basakabi udalekuak zuzendari berria izango du: Andoni Agirregomezkorta aktore ezagunak gorpuzten duen Oier Barahona zuzendaria, hain zuzen ere. Bere alboan, Alazne Etxeberria aktoreak Olatz begiralearen papera egingo du.

Gainera, ikasleen artean hiru aktorek egingo dute debuta; Kimetz Etxabe (Gontzal), Mikele Arizkorreta (Saioa) eta Eleder Iglesias (Alain) aktore gazteak telesailean arituko dira lehen aldiz.

Andoni Agirregomezkorta eta Alazne Etxeberria

Andoni Agirregomezkorta eta Alazne Etxeberria

Beste aldaketa garrantzitsu bat ere izango du denboraldi berri honek, ikus-entzule nerabeei zuzenduta: lehen aldiz, tramaren zati bat Basakabitik kanpo garatuko da. Ainhoa Larrañaga (Eli), Miren Arrieta (Ane), Maria Redondo (Zuri) eta Aitziber Errazkin (Enara) ikasle pisu batean biziko dira, eta haien egunerokotasunaren nondik norakoak ere bilduko ditu telesailak.

Pisukideak

Pisukideak

Gainerako aktoreak aurreko denboraldian ikusi ditugun gazteak dira: Lorea Intxausti (June), Danae Riaño (Maddi), Malen Azpirotz (Iraia), Nerea Elizalde (Garazi), Joanes Echeveste (Ibai), Iñaki Mujika (Unax) eta Julen Castillo (Koldo).

Ohi bezala, musika izango da telesailaren ardatz nagusia. Aurtengoan ere, gure talde klasikoen eta egungo taldeen moldaketak entzun ahal izango ditugu: Alaitz eta Maider, Gatibu, Joxe Ripiau, Bulego, ETS, Izaro, Anne Lukin, Berri Txarrak, Nogen, Merina Gris, Zetak eta Sorotan Bele, besteak beste.

Aurtengo denboraldiak, gainera, Gabonetako atal berezia eskainiko du lehen aldiz. Hori dela-eta, 11 atal izango ditu.

'Go!azen' aktore gazteak.

'Go!azen' aktore gazteak.

Inoizko audientzia-daturik altuenak

Aurreko urtean, Basakabiko gaztetxoen abenturek ikusmin handia piztu zuten, eta "Go!azen 8.0" inoizko denboraldirik ikusiena izan zen. Batez beste, % 6,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 14,7ko kuota eskuratu zituen.

Halaber, 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean liderra izan zen % 35,3ko audientzia-zatiarekin, eta, ostiralero, 100.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen, batez beste, Euskadin eta eragin eremuan.

"Go!azen"en liburu berria, estreinaldiarekin bat eginez

Go!azen telesaileko pertsonaiak protagonista dituen liburu berria ostiral honetan, azaroaren 18an, jarriko da salgai, denboraldi berriaren estreinaldiarekin batera. Itsasargiko misterioa du izena nobela berri honek, eta abentura zirraragarri batean murgilduko ditu Basakabiko lagunak.

Itsasrgiko misterioa

Itsasrgiko misterioa

Lur Gallastegik idatzi duen "Go!azen abentura" bildumaren barruan sartu da liburu hau; marrazkiak, berriz, Alai Zubimendi Idarretarenak dira. Aurreko liburuak bezala, hau ere Alai argitaletxeak kaleratu du.

Bestalde, denboraldi berriko bigarren aldizkaria azaroak 25ean argitaratuko da.

Kontzertu bira abenduaren 3an hasiko da

Horretaz gainera, kontzertu bira abenduaren 3an hasiko da Azpeitian, eta Gasteizen izango du bigarren geldiunea abenduaren 4an, Araba Euskaraz jaiaren alde. Ondoren, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan abestu eta dantzatuko dute telesaileko protagonistek maiatzera arte luzatuko den emanaldi biran.

"Go!azen" fenomeno transmedia

Aurten ere, "Go!azen" telesaila eduki transmediekin osatuko da denboraldian zehar. Goazen appak (iOS eta Android) telesailaren hainbat eduki gehigarri eskainiko ditu, eta berrikuntzekin ekingo dio denboraldi berriari: itxura berria izango du, eta aukera gehiago eskainiko ditu. Besteak beste, telesailari buruzko inkestetan, fan-testetan edota Go!azen produktuen zozketetan parte hartu ahal izango da mugikorretik.

Horrez gain, telesailaren eta bertako aktoreen berri jakin dezakegu sare sozialetan: Instagramen, Facebooken eta Tik Token. Nabarmentzekoak dira, gainera, "Go!azen"ek Instagramen dituen ia 14.000 jarraitzaileak.

Bestalde, EITBPodkast atarian Jasono Osorok sortutako liburu sorta dago entzungai, Go!azeneko aktore protagonistek irakurrita. Eskuragai daude jada: Iritsi gara!, Lorea Intxaustik irakurrita; Maddiren amona influenzerra, Danae Riañoren eskutik; Eiderren egunerokoa, Esti Lopezen ahotsarekin, eta Asteburu bat eskiatzen, Asier Burgete aktoreak irakurrita.

Etxeko txikienen artean fenomeno bat bilakatu da Basakabi udalekuko istorioak kontatzen dituen telesaila. Hori dela eta, diskoak, liburuak, aldizkariak eta "Go!azen"en bestelako produktu ugari irten dira merkatura. Produktu horiek guztiak EITB Dendan eskuratu daitezke.

"Go!azen"en eduki digitalak:

Instagram: @goazenofiziala

TikTok: @goazenofiziala9.0

Facebook: @goazen

Youtube:  https://www.youtube.com/playlist?list=PLKE4WT5Uudh3JwVfhzQhRjT5bn7_sCGx