Go!azen
21:00etan
"Go!azen"eko pertsonaiak ere etxean sartuta, gaur, "Go!azen Etxean" saioan
EiTB
Telesail famatuko pertsonaiek itxialdia nola bizi duten eta zer egiten duten kontatuko dute.
-
Lorea Intxausti, June, 'Go!azen etxean' saioa berrian. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
"Go!azen Etxean" saioa izango da ikusgai gaur gauean, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Mundu osoan bizi dugun egoerak "Go!azen" saioko pertsonaiei ere eragiten die, jakina.
Protagonistek etxean ematen dute eguna, eskolara joan ezinik, eta bertatik egiten dituzte etxeko lanak eta bertatik hitz egiten dute lagunekin txat bidez. Hori dela eta, etxeko txikiak eta gazteak gogoan hartuta, ETB eta Pausoka saio berezi batzuk prestatzen ari dira: telesaileko protagonisten asteroko elkarrizketen laburpen bat eskainiko du ETB1ek saio honetan.
Nola dabil Eneko Manchesterren? Lortu al du Maddik gainerakoen konfiantza? Bakarrik jarraitzen al du Igorrek? Nola daramate Sarak eta Aimarrek euren arteko maitasun harremana?
Saio hauetan, protagonistek etxetik zer kontatzen duten eta horien egunerokoa zein den ikusi ahal izango dugu; abesten entzungo ditugu, eztabaidan, elkarri animoak ematen, eta, jakina, egoera hau behar bezala igarotzeko gomendioak partekatzen.
Saio bakoitzak 50 minutuko iraupena izango du, eta astero atal bat eskainiko du ETB1ek, itxialdiaren zama ahalik eta modu arinenean igarotzeko asmoz. Gainera, atal berezi hauetan, datorren udarako hainbat gertakariren lehen urratsak ikusi ahal izango dira.
"Go!azen Etxean" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en, eta igandeetan berriz ematen dute, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.