Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Denboraldi berria

Gaur gauean iritsiko da 'Go!azen 6.0' gure pantailetara!

A.A. | EiTB

Emisio berria ostiraletan izango da, urtero bezala, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus webgunean, eta ondoren izango da ikusgai aplikazioan eta EiTB Nahieran atarian.

  • 'Go!azen 6.0' telesaileko pertsonaiak

    'Go!azen 6.0' telesaileko pertsonaiak. Irudia: EiTB

Gaur gauean estreinatuko da 'Go!azen 6.0' telesaila EiTB Taldeko pantaila guztietan. Urtero bezala, ostiralero izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, eta, ondoren, Go!azen EiTB aplikazioan eta EiTB Nahieran atarian ere ikusi ahalko da.

Erabat berrituta etorriko da aurtengo denboraldia. Azken urteetan Basakabi udalekuetara joan diren gazteak nagusi egin zaizkigu eta beste plan batzuk izango dituzte udako oporretarako. Baina Basakabik zabalik jarraitzen du, eta ikasle berriak hartuko ditu: Eneko, Maddi, Aimar, Eider, Gabo eta beste hainbat gazte ezagutuko ditugu oraingoan.

Udalekuak zabalik jarraitzen duen arren, bertako zuzendaritzan ere izango dira aldaketak: Zuzeni erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio eta Amaiari eskatu dio bere postua hartzeko. Halako emakume goxoa eta alaia izanda, asmatuko ote du Amaiak gazte berri hauek zuzen bideratzen?

Aktore berriak 

Aktore gazte berri mordoa bilduko da aurten Basakabin: Dánae Riaño 'Bago!az' saioko irabazle irundarra (Maddiren paperean), Esti Lopez (Eider), Markel Sainz (Danel), Kimetz Renteria (Gabo), Xabi Rodríguez (Aimar), Andrea Mora (Sara), Nikola Zalduegi (Eneko), Lorea Intxausti (June) eta Xanti Korkostegi (Igor). Horiekin batera, Maria Redondo (Zuri) ere arituko da edizio honetan. 

Udalekuko langileen taldean, Itziar Urretabizkaia (Amaia), Karmele Larrinaga (Begoña) eta Inma Fernandez (Desi) izango dira, eta bi lagun batuko zaizkie: Xabi San Sebastian (Telmo) eta Iban Malo (Musá). 

Dena den, 'Go!azen'eko lehen atalean gonbidatu bereziak izango dituzte: Ramon Agirre (Zuzen), Ainhoa Larrañaga (Eli), Aritz Mendiola (Gari) eta Beñat Iturbe (Julen). 

Trama nagusiak 

Euskal serie batean lehen aldiz, aktore trans batek paper nagusietako bat izango du. Kimetz Renteria gazte bilbotarra Gabo izango da, eta zenbait pertsonaia transfoboren ekintzei aurre egin beharko die denboraldian zehar. 

Arrazakeria izango da bertan landuko duten beste gai nagusietako bat, Aimarrek eta Sarak (musulmana) biziko duten maitasun istorioarekin. 

Abestiak 

Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoitzitako telesailean garai ezberdinetako euskal abesti ezagun asko entzungo dira berriro. Deliriums Tremens, Gatibu, Sorotan Bele eta Ken Zazpi bezalako talde klasikoen moldaketak egingo dituzte, egungo taldeen abestiekin batera: ETS, Izaro, Modus Operandi, Skakeitan, Huntza...

'Go!azen'eko protagonistek bideoklipa grabatzen dute urtero, eta Iker Laurobaren 'Zatoz gurekin!' lana aukeratu dute aurten. 'Euskararen txantxangorria', 'Bihotzetik ezpainetara', 'Denok zu' eta 'Mugimenduan tinko' dira aurreko urteetan ETB1eko telesailaren eskutik arrakastatsu bilakatu dituen abestiak. 

Liburua eta antzezlana 

Aurtengo antzerki bira Altsasun hasiko da abenduaren 6an, eta, data arazoak direla medio, urtarrilaren 12an amaituko da Eibarren. Sarrera gehienak salgai daude. 

Bestalde, Jasone Osoro idazleak aurtengo denboraldiaren inguruko bi eleberri idatzi ditu Alai argitaletxearekin batera. Lehen liburua, Iritsi gara!, urrian argitaratu zen eta bigarrena, Eiderren egunerokoa, Durango Azokan aurkeztuko da. 

'Go!azen'eko aktoreak Bilboko Metroan izan dira gaur

Telesaila pantaila guztietan estreinatu baino egun bat lehen, ostegun arratsaldean, Bilboko metroko San Mameseko geltokian ekitalditxo bat egin dute ETB1eko telesaileko aktore gazteek.

Oihan Vega Gaztea irratiko esatariak aurkeztuta, ostiralean hasiko den denboraldi berriko hainbat abesti eta koreografia eskaini dituzte bertaratu diren guztien aurrean.

'Go!azen' proiektua Euskaltel, Laboral Kutxa, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren 116111 Zeuk Esan haur eta nerabeei laguntzeko telefonoaren babesarekin egiten dute posible EiTBk eta Pausokak. Telesaileko estreinaldia ez ezik, 'Go!azen' proiektu transmedia honek sarean izango du segida, orain arte bezala, aplikazioaren bidez. Halaber, Euskal Herriko zenbait hiri eta herritan izan diren hainbat emanaldi eta aurrestreinaldi arrakastatsuren oihartzunarekin iritsi da.

'Go!azen 6.0' Azpeitian, Donostian eta Oiartzunen grabatu zen udan, Javier Garcia de Vicuña eta Itziar Gomez zuzendari zituela, eta 13 atal izango ditu. 

Ostiral gauero izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.