Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Go!azen

'Go!azen'en denboraldiko azken atala Hendaian estreinatuko da gaur

EiTB

Seaskaren 50. urtemugako ekitaldien baitan, emanaldi berezia izango dute Antoine Abadie gelan, 18:30ean.

1:20
Asier Burguete eta Maria Redondo

'Go!azen 5.0' telesailaren denboraldia amaitzeko, sorpresaz beteriko atal bakarra falta dira. Amaierako atala, hain zuzen ere, Hendaiako Antoine Abadie gelan estreinatuko da gaur, 18:30ean, Seaskaren 50. urtemugako ekitaldien baitan. Azken atala, halaber, hurrengo egunean, otsailaren 15ean, izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan.

Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen federazioak 50 urte beteko ditu aurten, eta urtemuga hori behar bezala ospatzeko antolatutako ekitaldi berezien aurkezpena egin zuten iragan asteartean, otsailak 5, Baionan. Tartean da, hain zuzen ere, 'Go!azen'en emanaldia. Aurretik, ostera, Senperen, otsailaren 10ean, bertso-saioa izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistekin. Otsailaren 16an, musika kontzertu handia egingo da Biarritzen Berri Txarrak, Willis Drummond, Xiberoots, Diabolo Kiwi eta Txakatuk txarangarekin. Agendan markatzeko beste data garrantzitsu batzuk ere izango dira aurten: maiatzaren 12an, Herri Urrats; Integrazio Batzordearen 20 urteak; uztailean, Realaren futbol partida; eta urrian, jardunaldi pedagogikoak Baionan.

Azken atalaren aurrestreinaldirako sarrerak

'Go!azen'en azken atalaren aurrestreinaldirako sarrerak erosteko, www.herriurrats.eus webgunera jo behar da. Otsailaren 14an izango den emanaldian, telesail arrakastatsuaren aktoreak egongo dira abesten eta zaleekin argazkiak ateratzen.

Basakabi udalekua ardatz hartuta, bertako ikasleen istorioak kontatzen ditu 'Go!azen'ek abesti eta dantza artean. Denboraldi hau ere arrakastatsua izaten ari da gaztetxoen artean. Urtarrila, esaterako, % 4,4ko audientziarekin itxi du, eta lider izan da 4 eta 12 urte bitarteko ikusleen artean % 29,3ko audientzia-zatiarekin.

Aurten ere, hainbat pantailatan ikus daitezke Basakabi udalekuan gertatzen diren abenturak. Telebistan eta Interneten ostiralero atal bat emateaz gainera, martxan dago Goazen APP aplikazioa mugikorretarako; besteak beste, pertsonaiek egunero 'goatsapp' taldean dituzten elkarrizketak jarraitu ahal izateko, Altxor Ezkutua ikusi ahal izateko, eta bideo berezi eta esklusiboak jasotzeko. iOS eta Android sistemetako gailuetan instala daiteke.

Aktoreei dagokienez, Ramon Agirre (Zuzen), Miren Arrieta (Ane), Iholdi Beristain (Naia), Asier Burguete (Markel), Inma Fernandez (Desi), Beñat Iturbe (Julen), Ainhoa Larrañaga (Eli), Karmele Larrinaga (Bego), Nerea Mazo (Nikole), Aritz Mendiola (Gari), Oihan Moreno (Jontxu) eta Asier Oruesagasti (Martin) ezagunez gain, 'Bago!az' saioko irabazlea izan zen Maria Redondo (Zuri), Iker Villa (Ander), Aitor Patterson (Alex) eta Itziar Urretabizkaia (Amaia) dabiltza aurten telesailean.

Denera, 13 atal dira, eta, besteak beste, Berri Txarrak, Ruper Ordorika, Izaro, Gatibu, Negu Gorriak, Kortatu, Delirium Tremens, Katamalo, Ken 7, Huntza, Skakeitan eta Nogen talde eta bakarlarien kantuen moldaketak entzun dira bertan. Laugarren denboraldi honetan, Xabi Solano (Esne Beltza) abeslari eta konpositoreak ere parte-hartze berezia izan du, berak egin baitu telesailaren hasieran entzungai dugun 'Basakabiko atarian' kanta.

Castinga

Bestalde, Euskal Telebista eta Pausoka ekoiztetxea telesailaren denboraldi berria prestatzen hasi dira, eta lehen pausoa Basakabira joango diren ikasle berrien pertsonaiak beteko dituzten aktoreak bilatzea izango da. Bide horretan casting prozesua zabaldu da eta eitb.eus/goazencasting helbidean dago aktore aukeraketaren inguruko informazio guztia.