Itxi

Euskalonski

Euskalonski

Euskalonski

ETB1en, 22:15ean

Bartzelona protagonista, gaur gauean, 'Euskalonski' saioan

EiTB

Pere Romani, Germá Martin, Ferrán Cerdans, Miquel Angel Lozano, Rogel Minguel eta Anna Pineda izango ditu bidelagun Pello Reparazek.

0:27
Pello Reparaz eta Bartzelonako 'Euskalonski'ko gonbidatuetako bat

Bartzelona ezagutzeko aukera izango dugu gaur gauean Pello Reparazek gidatzen duen 'Euskalonski' saioan. Turismoak irentsitako hiria dela diote, baina Auzo Gotikoan barneratu besterik ez dago betiko Bartzelona topatzeko.

Abentura hasteko hiriko toki kaskarinetako bat erakutsiko dio Pere Romanik Pellori: Real Club Tenis Barcelona. Hala ere, tenisa ez da maite duen gauza bakarra: soinu txikia irakasten du eskola batean.

Ondo izerditu ondoren, Germá Martinekin ederra bezain zaila den castell edo giza dorreak nola egiten diren ikusiko du castellers batzuen eskutik.

Segundo batez Bartzelona utzi eta Manresara abiatuko da Ferrán Cerdans artisauarengana. Eskuz egindako liburu txikiak erakusteaz gain, benetako calçotada bat dastatuko dute biek, adur-zapi eta guzti.

Arte mundua utzi eta kontu pragmatikoen bila, Bartzelonako udaletxean agertuko da Pello. Han egiten du lan Miquel Angel Lozano euskalonskiak, Barça futbol taldea sortu zen tokitik oso gertu.

Rogel Minguel euskalonskia polizia-etxe baten kanpoaldean geratuko da Pellorekin, baina ez da polizi agentea, interpretea baizik. Disko berri bat bilatzeko aitzakiarekin, Discos Revolver dendara joango dira musika altxorren bila.

Azkenik, Anna Pineda hizkuntzalariarekin, Pompeu Fabra unibertsitatera joango da, haren ikasleak ezagutzera. Euskaraz jartzen dituen adibideak gustuko omen dituzte.

Bartzelona izango du protagonista 'Euskalonski' saioak gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15ean.