Euskalonski
22:30ean
Londresen izango da gaur Pello Reparaz 'Euskalonski'en bila
EITB
Atzerrian bizi diren euskal hiztunak ezagutzeko asteroko erronkari eutsiko dio 'Euskalonski' saioak, sukaldaritza eta dantza munduan murgilduta. Musika oinarri, Abbey Roadera ere eramango gaitu.
Mugarik gabeko euskaldunen abenturak Londresen izango du geldialdia gaur gauean. Izan ere, Pello Reparazek gidatzen duen 'Euskalonski' saioaren bigarren emanaldia autobus gorrien eta bostetako tearen hirian murgilduko da astelehen honetan. Astero bezala, atzerrian bizi diren euskal hiztunak gertutik ezagutzeko aukera emango digu Vendetta taldeko abeslariak, euskara eta musika ardatz hartuta. Aste honetan, gainera, sukaldaritzan eta dantza klasikoan murgilduta ikusiko dugu Reparaz. ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, astelehenean, 22:30ean.
Notting Hill, Royal Opera House eta Abbey Road, topaleku
Saioa hasteko, Pello Reparaz Notting Hilleko karnabalera abiatuko da Bea Asurmendi abeslariarekin, Rio de Janeiro eta Londres hain urrun ez daudela erakusteko. Gero, Gareth Popkins yorktarrarekin bilduko da, ontzian ibiltzeko asmoz; Galesko tarta egiten ere ikasiko du Pellok Garethekin. Royal Opera Houseko entsegu batean, berriz, Itziar Mendizabal dantzaria ezagutu, eta ballet pauso batzuk ikasiko ditu.
Telefono gorrien artean, beste hainbat 'Euskalonski' aurkituko ditu Pellok: Mikel Sorazu sukaldariarekin, Londresko Arzak jatetxean egongo da, bertako plater bat egiten; Mikel Azkonarekin, janari indiarra probatuko du, bizikletan ibili ostean; eta Daffyd Vaid bateria-jotzailearekin, Paul McCartneyren zapatak aurkituko ditu Abbey Roaden. Azkenik, Shakir Mehmmod eta horren familia pakistandarra ezagutuko du, futbolean euskaraz jolasten diren bitartean.
Big Ben agurtu eta Picadilly Circusi musika jarri ondoren, maleta hartzeko ordua iritsiko da.
'Euskalonski' saioa astelehenean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.