Stanislav Petroven biografia: mundua salbatu zuen heroia | EITB Eskerrik asko Petrov

Eskerrik asko Petrov!

Stanislav Yevgrafovich Petrov

3:05

Stanislav Yevgrafovich Petrovek, dagoeneko erretiroa hartuta duen Sobietar Batasuneko Armadaren teniente koronel batek, bere eskuan izan zuen munduaren zoria 1983an. Gerra hotza bere azken astinduak ematen ari zen, eta giroa pil-pilean zegoen. Sobietar Batasunak Koreako hegazkin bat eraitsi berri zuen, oharkabean bere aire-espazioan sartu zelako. Ameriketako Estatu Batuek, bere aldetik, misil-bateria sorta eder bat jarri nahi zuten, kosta ahala kosta, Mendebaleko Europan.

Giro nahasi hartan heldu zen 1983ko irailaren 26a. Gauerditik 14 minutu pasatxo zirenean, Moskutik 100 bat kilometrora, Serpukhov-15 bunkerrean, alarma guztiak piztu ziren, OKO sateliteak AEBetatik jaurtitako misil bat atzeman zuelako. Talka egiteko denbora, gutxi gorabehera: 20 minutu.

Petrov teniente koronelak erantzuna emateko protokoloa aktibatzeko ardura zuen; hau da, bere erantzukizuna zen kontraeraso nuklearrari ekitea. Hala ere, bazekien horrek egundoko triskantza eragingo zuela eta etortzeko zen guztia akabatuko zuela. Petrovek akatsa zela pentsatu, eta alarmei kasurik ez egitea erabaki zuen. Hartara, muzin egin zien aginte-katearen aginduei, eta hantxe geratu zen, zain... Eta ez zen ezer gertatu.

Kontua da Eguzkia, Lurra eta OKO satelitea lerrokatu egin zirela. Ondorioz, lainoetan islatutako eguzki-argia misil batekin nahasi zuen sateliteak. Historian, “udazkeneko ekinozioa” izenaz ezaguna da pasarte lazgarri hura, baina, tamalez, Sobietar Batasunak isilpean gorde zuen urte askoan. Eta balentria gogoangarri hori eta bere protagonista nagusia, Petrov, ez dira munduan oso ezagunak.

Petrovi gradua kendu zioten Armadan, mundua salbatu zuen erabaki hura hartu zuelako. Bere zuhurtziari eta buru hotzari esker, ordea, azkeneko 30 urteotan gertatu den guztia konta dezakegu, gauza onak zein txarrak. Eta horrexegatik…

Eskerrik asko, Petrov!!!

 

Stanislav Yevgrafovich Petrov