Itxi

Erromerian

Erromerian

Erromerian

Estreinaldia

Erromerien xarma helaraziko digute igandero Anabel Arraizak eta Agus Barandiaranek "Erromerian" saio berrian

EITB Media

Gure herrietan ospatzen diren tradizio handiko jaialdi horien izaera eta jatorria ezagutzera ematea izango du helburu. Lehen atalean, San Joan egunean Bermeoko erromerian murgilduko gaituzte, irudi ikusgarri, testigantza eta musika eta dantza emanaldiekin.

  • Agus Barandiaran eta Anabel Arraiza

    Agus Barandiaran eta Anabel Arraiza. Argazkia: EITB Media

"Erromerian" saioa estreinatuko da igande honetan ETB1en eta eitb.eus-en, gure herrietan ospatzen diren tradizio handiko jaialdi horien izaera eta jatorria ezagutzera emateko asmoz. Paisaien edertasuna, familia belaunaldi ezberdinen istorioak, elkarlana… erromeria berezietan goitik behera murgilduko gaituzte Agus Barandiaranek eta Anabel Arraizak, irudi ikusgarri, testigantza eta musika eta dantza emanaldiekin. 

Erromeria andana ospatzen dira Euskal Herrian eta horietako batzuk ezagutuko ditugu EITBren saio berrian: San Joan Bermeon (ekainak 24), Santa Isabel Zumarragan (uztailak 2), Barte Eguna Larrean (uztailak 4), Karmenak Santurtzin (uztailak 16), Madalenak Galdamesen (uztailak 22,), San Inazio eguna Urbian (uztailak 31) eta Pertza Eguna Lakuntzan (abuztuak 18), besteak beste. 

Inguruari lotutako ospakizunak dira guztiak, eta herritarrek antolatu eta mantendu dituzten usadioak eta kultura uztartzen dituzte. Bakoitza ospatzen den egun eta tokian izango dira Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran, barru-barrutik bizi eta ikus-entzuleei jai horien xarma helarazteko. Herritarren hitz eta bizipenen bidez ezagutuko dituzte ospakizun bakoitzaren nondik norakoak: oroitzapenak, anekdotak, ohiturak, eginbeharrak… nork bere txoko eta ikuspuntutik azalduko du erromeria eguna nola bizi duen. Testigantzekin batera, jai giroa hornitzen duten dantza eta musika emanaldiak izango dira protagonista, eta erromerien bihotzera bidaiatu dugu irudi ikusgarrien laguntzaz.

"Erromerian" saioa uztailaren 7tik aurrera izango da ikusgai, igandero, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.