Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Publizitate munduaz arituko dira, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit'en
EiTB
Horrez gain, Xabi Bandini musikaria gehiago ezagutuko du saioak eta Izaki Gardenak taldeko Jon Basagurenek bere literatura gomendioak azalduko ditu.
-
'EiTB Kultura Transit'en logoa. Argazkia: EiTB
Donostian errotutako Dimensión publizitate agentziak 30 urte bete berri ditu, eta 'EiTB Kultura Transit' saioak enpresaren inguruan gehiago jakin nahi izan du. Gizartean aldaketak eman diren hein berean, hiru hamarkada hauetan aldatu egin dira publizitatearen arauak ere: markek iragartzeko dituzten beharrak ezberdinak dira, mezua formari gailendu zaio eta markek orain maitatuak izan nahi dute.
'EiTB Kultura Transit' saioa publizitate munduaz solasean arituko da Dimensión enpresako lagunekin. Urteotan Euskal Herriko markekin egin dituzten eta arrastoa utzi duten zenbait kanpaina erakutsiko dituzte, eta kanpaina haietara iristeko prozesua nolakoa izan zen azalduko dute.
Xabi Bandini musikaria, Sortzailea
Xabi Bandini musikariarekin elkartuko dira 'EiTB Kultura Transit'eko kideak Iruñeko Karrikiri elkartean. Dena prest du disko berriaren aurkezpena lagun artean egiteko eta tarte bat eskaini dio saioari Begibakar lanaren barne munduaz eta sorkuntza prozesuaz hitz egiteko.
Bere etxean, ahotsa, sintetizadorea eta gitarra erabilita sortu ditu kantuok. Bere esanetan, modu xumean eta artifizio handirik gabe sortu nahi izan ditu azken abesti horiek.
Jon Basagurenen kutunak
Gasteizen ireki berri duten Oldtowerstuff binilo-dendara eraman nahi izan du Jon Basaguren musikariak 'EiTB Kultura Transit'eko lan-taldea.
Bertan hitz egin du Michael Kiwanuka eta Nick Cave&The Bad Seeds bere banda kutunez; baita Izaki Gardenak bere taldeak kaleratzear duen Dena oskol diskoaz ere. 'The Sinner' telesaila eta Three billboards outside ebbing filma ere atera ditu 'EiTB Kultura'ko zakutik. Literaturan, Juan Luis Zabalaren Galdu arte eta John Steinbeck Hiraren mahatsa liburuak gomendatu ditu.
'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en (23:45), ETB2n (00:55) eta eitb.eus-en.