Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Julio Medemen azken lana hizpide, gaur, 'EiTB Kultura Transit'en

A.H. | EITB

Horrez gain, Donostiako Cristina Enea parkean eskaintzen ari diren Uda gau bateko ametsa antzezlana eta Nekane Manriqueren lana ezagutuko ditu.

Julio Medem eta bere zinema izango ditu protagonista gaur gaueko 'EiTB Kultura Transit' saioak. Zinemagile donostiarra Kalebegiak proiektuaren parte izango den La ballena real film laburra grabatzera itzuli da bere jaioterrira. Denbora luzea eman du Medemek Donostian grabatu gabe, Katagorria (La ardilla roja) bere bigarren filma duela 24 urte grabatu zuenetik, hain zuzen ere.

Maria Cristina erregina, arpoilari bat eta Cristobal Balenciaga gazte bat traineru batean batu dituen La ballena real film laburraz, bere zinemagintzaz, irudietan jartzen dituen ideien sorreraz, bere lan egiteko modu benetan pertsonalaz eta gaur egun bizi duen egoeraz hausnarketa egingo du Julio Medemek.

Shakespeareren Uda gau bateko ametsa egia bihurtu da Donostiako Cristina Enea parkean. Uztailaren amaierara arte aurreikusitako 30 funtzioetarako sarrera guztiak agortuta daude jada, eta publikoa asko gozatzen ari da proposamen honekin. 'EiTB Kultura Transit'ek gertutik ezagutuko du Donostia 2016ko ekimen berri hau.

Nekane Manrique izango da aste honetako Sortzaileak ataleko protagonista. Artista figuratiboa da Nekane, eta emakumearen gorputzaren gainean irudi ezberdinak sortzen ditu. Egin dituen bidaietan ikusitako tokien irudiak emakumearen gorputzaren barnean sartzen ditu, oihalean zein manikien gainean.

'EiTB Kultura Transit' gaur gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

ETB2n.