Itxi

boxeo izarrak

00:15ean

Teofimo Lopez gaztearen lehen munduko txapelketa, gaur gauean, 'Boxeo Izarrak' saioan

EiTB

Besteak beste, Teofimo Lopezen eta Richard Commeyren arteko borrokaldia izango da ikusgai.

  • Pedro Mari Goikoetxea 'Boxeo Izarrak' saioaren aurkezlea.

    Pedro Mari Goikoetxea 'Boxeo Izarrak' saioaren aurkezlea. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

'Boxeo Izarrak' saioak Teofimo López boxeolari gaztea hartuko du protagonista, gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan dagoen boxeolaririk erakargarrienetakoa. 22 urte ditu, orain arteko 14 neurketak irabazi ditu, eta saioak Richard Commeyren aurka joan den hilabetean jokatu zuen munduko txapelketa eskainiko du. Commey afrikarra da gerrikoaren jabea, eta zenbaki hauek ditu: 29 garaipen, bi porrot eta 26 K.O. guztira. Beraz, bi jotzaile bikain izango dituzte aurrez aurre.

Bigarren borrokaldia Luis Collazo eta Kudratillo Abdukakhorov boxeolariek egingo dute. Collazok urte asko daramatza boxeo munduan, eta bi aldiz izan da munduko tituluaren jabe. Boxeolari oso gogorra eta ausarta da. Uzbekistango mutila, ostera, aurkaria baino 12 urte gazteagoa da, eta 16 borrokaldi jokatu eta ez du bat ere galdu.

Azkenik, Jeremy Adorno ezagutzeko aukera izango dute boxeozaleek. 18 urteko boxeolari hau lehen pausoak ematen ari da profesional mailan, eta, itxura baten, etorkizun bikaina dauka.

'Boxeo Izarrak' gaur izango da ikusgai ETB1en, 00:15ean.