Beti Mugan
SEI ATAL
"Beti Mugan" telesaila, ostegunero, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain, Iker Galartza, Amancay Gaztañaga, Mikel Ibarguren eta Xabi 'Jabato' López aktoreak dira euskaraz egindako umorezko fikzio honen protagonistak.
-
"Beti Mugan" telesailaren aktoreak
Sei ataleko umorezko fikzioa da "Beti Mugan", euskaraz eginda, eta koronabirus kasurik ez duen herri batean girotuta dago. Pausoka ekoiztetxeak sortuta eta Jabi Elortegik zuzenduta, Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain, Iker Galartza, Amancay Gaztañaga, Mikel Ibarguren eta Xabi Jabato López aktoreak dira bertan protagonistak. "Beti Mugan" ostegunero izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera.
"Beti Mugan" telesaila
Covid-19aren pandemia bete betean dagoen unean, Euskadin kasu bakar bat eduki ez duen herri bat dago: Aldabe. Herri honetako alkateak errepidea ixtea erabaki du, herria isolatu eta positiborik egon ez dadin. Herrian kutsaturik ez dagoenez, bizitza normala egin daiteke bertan. Hori bai: ezin da ezer sartu kanpotik. Alkateak berak dion moduan Aldabe prest dago baliabide propioen bitartez egoerari aurre egiteko, inguruko uzta eta behiekin. Auto-isolamendu honek, ordea, ez die mesede handirik egin zenbait herritarri, eta elikagai urritasunari eta alkatearen kudeaketa kaskarraren ondorioei egin beharko diete aurre.
Jone Miren alkatesa (Elena Irureta)
Elena Iruretak egiten du Jone Miren alkatearen papera eta herria isolatzearen erantzule nagusia da. Bere bizitza alkatetza da; senarra hil zenean, hura ordezkatu zuen eta urteak daramatza alkate karguan. Nekazalturismo bat ere badauka.
Jone Miren oso kontserbadorea da, eta bi seme-alaba ditu, Mikel (Xabi Jabato Lopez) eta Ane (Miren Gaztañaga). Azken hau mehatxu bat da bere agintaritzarako, oposizioaren liderra baita, sekula barkatuko ez dion zerbait. Alkateak gainera, toki guztietara jarraitzen duen laguntzaile bat ere badauka, hura ere bere senarraren laguntzaile izandakoa, Manu (Mikel Laskurain). Ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin eta herrian zurrumurru ugari daude maiteminduta ez ote dauden.
Manu (Mikel Laskurain) eta Jone Miren (Elena Irureta).
Ane, Jone Mirenen alaba, duela lau urte itzuli zen herrira, senarra utzi ondoren. Noizbait alkate izatea gustatuko litzaioke baina oraingoz, herriko albaitaria besterik ez da. Herrian mediku finkorik ez dagoenez, itxialdian beregana joko dute denek. Lanean daukan pertsonalitate indartsu eta sendoa desagertu egiten da maitasun kontuetan. Aspalditik Amaiarekin (Amancay Gaztañaga) dago maiteminduta, herriko polizia bakarra eta nahiko alferra; baina inoiz ez da ausartu zerbait esatera. Gainera, Asier (Iker Galartza) hiri handian porrot egin ondoren herrira itzuli da bere aitonak herentzian utzi dion negozioa irekitzeko eta Amaiari izugarrizko ilusioa egin dio haren itzulerak, betidanik maiteminduta eduki duen mutila baita.
Amaia (Amancay Gaztañaga), Ane (Miren Gaztañaga) eta Asier (iker Galartza)
Mikel, alkatearen semea, bere aldetik, desastre hutsa da. Dirua lortzearekin dago obsesionatuta. Horretarako, mila plan eta barrabaskeri pentsatu eta gauzatzen ditu, beti Agus (Mikel Ibarguren) bere lagun minarekin batera. 1993an jaio ziren herriko haur bakarrak izan ziren eta ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Nahiko ergelak dira banaka, eta elkartzen direnean, are gehiago. Egun osoa elkarrekin pasatzen dute txoko guztiak hankaz gora uzten, dena gaizki ateratzen baitzaie, eta Mertxe (Itziar Aizpuru) betiko andre tradizional jubilatuarekin batera, haren baserrian negozio berri bat hasiko dute.
Agus (Mikel Ibarguren) eta Mikel (Xabi Jabato Lopez).