Itxi

Baskoniako Historia bat

Baskoniako Historia bat

Baskoniako Historia bat

4. denboraldia

"Baskoniako Historia Bat" saioak denboraldi berria estreinatuko du gaur gauean

EITB Media

Alberto Santana historialariak Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du asteartero. Dokumental sortaren aurreko denboraldiek audientziaren harrera bikaina lortu dute Youtuben.

0:23

Gaur gauean, "Baskoniako Historia Bat" dokumental sortaren laugarren denboraldia estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en 22:30ean. Alberto Santana historialariaren eskutik, ikerketa eta aurkikuntzak ardatz dituen bidaia ikusgarria eskainiko du saioak, Erdi Aroan hasi eta XX. mendera arte, iraganeko gertaera handien agertokiak eta protagonistak birsortuz.

Historian barrena egindako ibilbide honetan, topiko eta leku komun zabalduenetako batzuei buruzko eztabaida sustatuko du saioak modu ireki eta adeitsuan. Kondairak desmitifikatzea eta gure iraganeko pasarte ilun asko argitzea da asmoa.

Alberto Santanak alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izango du jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak eskainiz. Bestalde, gure lurraldeko irudi ikusgarriek jantziko dute kontakizuna.

Laugarren denboraldi honetan, denetariko gaiak jorratuko dituzte: Erdi Aroko monasterioetako fraideen bizimodua eta garaiko kulturan izan zuten eragina; euskal baserri tradizionalaren historia eta garrantzia gizarte-egituran; eta Baskoniaren lurralde batasunaren analisi historikoa.

Gainera, euskaldunak eta sexuaren arteko harremana aztertuko dute, baita euskaldunen bi kultur eredu ere, dantzariak eta pilotariak. Bestalde, burdinaren ekoizpenaren garrantziaz eta mendeetan zehar euskaldunek Ameriketan izandako presentziaz ere arituko dira.

Lehen atala, Fraideen ahotsa

Duela 1.000 urte, iluntasun kultural, indarkeria feudal eta deabruari eta jainkoaren zigorrari zitzaien beldurrean murgilduta bizi ziren euskaldunak. Egoera hartan, hainbat gizon eta emakumek mundutik at bizitzea erabaki zuten, otoitzean, munduko bekatarien salbazioaren bila.

Erdi-aroko monasterioak garai hartako kulturaren gotorleku bilakatu ziren. Alberto Santanak horietako leku batzuk bisitatuko ditu, bertan bizi ziren monjeei eta haien bizimoduari buruzko hainbat galdera erantzuteko. Zein izan zen euren egitekoa? Zein ekarpen egin zieten Baskoniako kulturari? Zer aldatu nahi izan zuten? Lortu al zuten?

Audientziaren harrera ona

Dokumental sailak audientziaren harrera bikaina lortu du Interneten. Youtuben ikusgai dauden atalen artean, nabarmena da arrakasta: La hora de las brujas atalak hiru milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu eta El mito de la caberna erreportajeak 2,1 milioi. Azken atal honek, gainera, milioi bat ikustaldi baino gehiago lortu ditu azken hilabete honetan, gehienak telebistaren bitartez (% 78), eta 800.000 erabiltzaile bakar eskuratu ditu.