Baserri eta Txankarra
Lekeitio, 1948
Manu Zatika, 'Baserri'
Manu Zatika lekeitiarra 'Baserri' ezizenez da ezaguna. Itsaso zalea eta txikiteroa da.
Manu Zatika ´Baserri` Lekeitiar peto-petoa da, 1948an jaiotakoa. 67 urte dauzka eta 55 urte zituenetik jubilatuta dago.
Lekeitioko Kofradiako lehendakari ohia, itsasoan aritu da lanean bizitza guztian eta, erretiratuta dagoen honetan ere, ezin du mundu hori utzi. 13 urte zituenean Lekeitioko portu inguruan hasi zen nabigatzen eta 14 urterekin, ontzi batean Afrikan bukatu zuen.
Denbora libre gehiena bere lagunarekin, Txankarrarekin igarotzen du eta bizitzaz disfrutatzea gustatzen zaio.
Bere aita Ispasterreko baserri batean jaio zen eta horregatik dauka ezizen hori. Txikitan Bergara kaleko "mareantea" zen. Oesteko pelikulak gustatzen zitzaizkion eta, herriko jendea hartuta, bakeroen filmeak "antzesten" zituen kalean.
Alargun geratu zen eta ordutik, Daniel Robles 'Txankarra' lagunarekin planak eginez igarotzen du denbora guztia. Biak ala biak, itsasoan batera ibilitakoak dira eta soldaduskan ere elkarrekin kointziditu zuten. Txankarra baino ausartagoa da gehienetan baina gauza batek bakarrik botatzen du atzerantz, zurrukutuna jateak (bakailauarekin eta patatekin egindako marmitako antzeko bat).
Nahiz eta Lekeition eleiza ederra egon, Baserrik ez du eraikuntza hau askotan zapaltzen. Andra Mariaren Jasokundearen Basilakara hileta elizkizunetara baino ez da joaten eta joaten denean "Pater Nosterra" egitera joaten da: "aitaren" egin eta atera.