Bago!az
6. atalean
Twin Melody ahizpak, gaur gauean, 'Bago!az' saioan
EITB
'Go!azen'eko Haizeak eta Elenek filmeetako abestien saio berezian hartuko dute parte. Hurrengo lau finalistak aterako dira saio honetatik.
Twin Melody ahizpak, 'Go!azen' telesaileko Haizea eta Elene, ikusiko ditugu gaur gauean 'Bago!az' talent showan. Musikalen saio berezia izango da eta hainbat filmeetako abestiak oholtzaratuko dituzte lehiakideek euren coach-aren laguntzarekin.
Toy Story, Lehoi Erregea, Aladdin, Vaiana, Coco (Oscar sarietan animaziozko film irabazlea), Pocahontas, Fame eta La La Land filmak ekarriko dizkigute gogora 6. atalean ETB1eko talent show saioko lehiakideek, coach eta epaile arituko direnekin batera. Kasu honetan, Ylenia ez dugu gure artean izango. Ostera, 'Go!azen' telesailean aritutako bi aktore izango dira gonbidatu: Aitana eta Paula Etxeberria ahizpak edo Twin Melody bikotea, telesailean Haizea eta Eleneren paperak egindako neskak. Judit Astigarragarekin eta Sara Iriarterekin abesten ikusiko ditugu.
Atal honekin, 'Bago!az'en denboraldi honetako bigarren faseari amaiera emango diogu. Saio honetatik, hirugarren fasera pasako diren beste lau lehiakide aterako dira. Bostgarren atalean aukeratu ziren lehen lau finalistak: Asier Navarro, Maria Redondo, Andoni Ollokiegi eta Miriam Lujua. Lau hauek eta seigarren saio honetatik irtengo diren beste laurek ekingo diote hirugarren faseari eta, handik aurrera, astero, lehiakide bat kanporatzen joango dira.
Lehiaketako irabazleak 'Go!azen'eko hurrengo denboraldian aktore gisa hartuko du parte.
'Bago!az' asteazkenetan eta ostiraletan izaten da ikusgai, 22:30ean eta 21:00etan hurrenez hurren, ETB1en eta eitb.eus-en. Halaber, orain arteko atal guztiak EiTB Nahieranen daude ikusgai.