Itxi

Aulki Jokoa

Aulki Jokoa

Aulki Jokoa

Bertsolaritza

'Aulki-jokoa': telebista-saio berria hasiko da gaur ETB1en

A.E.| EiTB

Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz hartuta, bertsolaritzari buruz arituko da telebista-programa berria. Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta Andoni Egañak ere finalaurrekoen berri emango du.

0:19

Gaur gauean 'Aulki-jokoa' saioa hasiko da ETB1en. Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz hartuta, bertsolaritzari buruz arituko da saio berria. Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta hainbat bide-lagun izango ditu; batzuk asterokoak eta noizbehinkakoak besteak. Andoni Egaña bertsolariak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako saioen berri emango du, eta egungo bertsolaritzaren gakoak eskainiko ditu, astero astero.

Juantxo Zeberio musikariak bertso-doinu bat ekarriko du saio bakoitzean. Edurne Azkaraterekin batera aztertuko ditu bertso-doinuen jatorrizko abestiak eta bertsotarako egindako moldaketak.

Bertsolariak, Txapelketako antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak, bertso-eskolak... horiek guztiak izango dira Edurne Azkarateren bide-lagunak udazkeneko bidaian.

Txapelketa Nagusiaren atzeko aldea bistara

Nola eraikitzen da Txapelketa Nagusia? Galdera horri erantzuten saiatuko da 'Aulki-jokoa'ren ale bakoitzean Edurne Azkarate. Horretarako, Txapelketako saio aurreko eta osteko lanak egingo ditu arduradunekin batera, antolaketaren atzeko aldea bistaratuz. Lehenengo atalean, Bertsozale Elkarteko kide den Jon Agirresarobek aretoa nola prestatzen den erakutsiko du, goizeko pilotaleku hotzetik arratsaldeko bertso plaza goxora.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoak, bertsolariek sortu edo moldatutako doinuak, pasatako Txapelketetako bertso gogoangarriak eta bertsolarien prestaketa-lana ekarriko ditu telebista-saioak.

Beraz, urriaren 30etik aurrera leku bat gehiago izango du bertsolaritzak Euskal Telebistan. Astelehenetan, gaueko 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

'Aulki-jokoa' telebista saioa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ekoiztu du Euskal Telebistarekin lankidetzan eta Lander Garrok egingo ditu zuzendari eta gidoilari lanak.