Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Maider Unda: 'Lan, barre, negar... gauza asko egin dut borrokarekin'

A.A. | EiTB

Oletako plazan borrokarako tapiz bat ikusi duenean zerbait arraroa gertatzen zela jabetu da Maider Unda borrokalari handia. Gogorra bada ere, apurtxo bat hunkitu da hainbeste jende ikusita.

24:00

Maider Unda Oleta herrixkako borrokalariari egin dio omenaldia Zuhaitz Gurrutxagak ETB1en aurkezten duen "Asko Maite Zaitut" saioak. Oletako plazan borrokarako tapiz bat jarri dute; eta oletarrak, lagunak, borrokako ibilbidean ondoan izan dituenak, ondorengoak eta familia bertan bildu dira Maiderri asko maite dutela esateko. Neska gogorra da Maider, baina hunkitu du ekitaldiak eta berak ere esker oneko hitzak izan ditu guztientzat.

Maiderren entrenatzaile izandakoak, Luis Crespok eta Rober Hojasek, borrokalari ohi eta lagunak, bultzatu dute omenaldi hau. Luisek argi dauka Maiderri esker lortu duela berak izen eta abizen bat izatea borrokaren munduan. Lan asko, negar asko eta barre asko egin zuten elkarrekin eta horren guztiaren emaitza Maiderrek Londreseko Olinpiar Jokoetan irabazitako brontzezko domina izan zen. Rober Hojasek, berriz, kirolean inoiz bizi izan dituen unerik onenak Maiderri esker izan direla dio. Oletako borrokalariak ere bere egoera ulertzen zuen jendea ondoan izatea oso garrantzitsua dela aitortu du eta eskerrak eman dizkie biei horregatik.

Hain zuzen ere, 90eko hamarkadan Otxandion zegoen borroka olinpikoko klubik handiena Koikili Lertxundik Zuhaitz Gurrutxagari kontatu dionez. Izan ere, borroka kirola maite zuen Gasteizko irakasle bat Otxandiora joan zen lanera eta bertako gaztetxoei kirol honen grina zabaldu zien. Otxandioko haur gehienek borroka olinpikoa egiten zuten garai hartan! Maider eta Koikili Lertxundi garai berean hasi omen ziren, baina Koikilik futbolerako saltoa egin zuen gero.

Maiderrek, berriz, aurrera jarraitu zuen esfortzu handia eginez. Baserrian eta gaztandegian lan egitearekin uztartu behar izaten zuen kirol bizitza. Goizeko 6etan esnatu eta ardiak gobernatu ondoren, Gasteizera joan behar izaten zuen entrenatzera. Maria Luisa Gonzalez de Audikanak, Maiderren amak, borroka uzteko esan omen zion behin baino gehiagotan, baina alabak ez zuen inoiz amore eman. "Eskerrak!" dio gaur Maria Luisak.

Horrela bada, Maiderrek borroka olinpikoan lortutakoa handia izan da, eta hurrengo belaunaldientzako erreferente bat da, hala aitortzen du Amaia Curiel borrokalari eta lagunak. Egunen batean Maider bezalakoa izatea gustatuko litzaioke, eta gizon eta emakumeen berdintasunaren alde egindakoagatik bakarrik oso merezia duela omenaldi hau uste du.

"Asko Maite Zaitut" saioan egindako omenaldia ez zuen espero Maider Undak; lekuz kanpo utzi omen du. Hala ere, hunkitu egin da eta eskerrak eman dizkie han bildutakoei. Borrokak asko eman ziola aitortu du ondoren, une oso onak eta baita oso gogorrak ere; negar, barre eta, batez ere, lan asko egin zuela. Ardiek ematen zioten disziplinak asko lagundu omen zion kirolean.

Maider Unda protagonista izan duen "Asko Maite Zaitut" EiTB Nahieran dago ikusgai.