Asko maite zaitut
Omenaldia
Jose Luis Korta, pozik eta harro, maite dituenak inguruan ikusita
Orioko Kortazaleak taldekoak, arraunean egin dituen lagunak eta familiako zati handi bat bildu dira Ortzaika auzoan "Asko Maite Zaitut"en omenaldian parte hartzeko.
Oso pozik eta harro azaldu da Jose Luis Korta "Asko Maite Zaitut" saioak bere inguruan bildu dituen lagun guztiak ikusita. Orion bildu dira bere jarraitzaileak, arraun munduan eta handik kanpora egindako lagun asko eta familiako kide gehienak sorpresatxo bat emateko.
Bada Orion 'Kortazaleak' deituriko lagun koadrila bat. 50 bat pertsonak osatzen dute eta euren ezaugarria da Jose Luis Kortaren jarraitzaileak, fan-ak direla. Arraunari dagokionez, ez dira Orioren, Hondarribiaren, Castroren, Zumaiaren edo beste edozein talderen aldekoak. Eurek diotenez, kamixetaren koloreak ez du axola. Korta lanean ari den arraun-talde hura animatuko dute beti; momentu honetan, Kaiku.
Talde horrek bultzatu du Zuhaitz Gurrutxagak ETB1en aurkezten duen saioko omenaldia. Baina ez dira konplize bakarrak izan. Kortarekin arraunean ikasi eta aritu ziren Luxarbe eta Agustin arraunlari ohiak ere tartean ibili dira. Bere entrenamentuak "oso gogorrak" izaten zirela azaldu dute, sarritan "nigarrez bukatzen" zuela batek baino gehiagok eta askok arraunari utzi ziotela ezin zutelako jasan. Baina entrenamentuetatik kanpora, oso bestelako pertsona dela irizten diote, erabat aldatzen dela eta beti egoten dela edonori laguntzeko prest, baita aurkariari ere.
Gaur egun, Kaiku taldeko kirol-zuzendaria da Jose Luis. Bigarren aldia du oraingoa; izan ere, lehen aldiz 1976an joan zen Sestaora. Ordura arte, maila apaleko arraun taldea zen Kaiku. Pedro Mari Abando eta Jose Luis Goirigolzarri arraunlari ohiek kontatu dutenez. Entrenatzeko modua eta teknika goitik behera aldatu zituen Kortak eta, 1978tik 1982ra bitartean, lau Kontxako bandera irabaztea lortu zuten. Kortari zor omen dio Kaikuk lortutakoa.
Familiarekin ere hitz egin du "Asko Maite Zaitut" saioak, lanetik kanpora Jose Luis nolakoa den jakiteko. Kirolean oso gogorra eta exigentea baldin bada ere, etxean "erromantiko hutsa" dela jakiteak harritu gaitu. Hala kontatu dio Idoia Kortak, Jose Luisen alabak, Zuhaitz Gurrutxagari. Loreak, opariak... detaile pila bat izaten dituela emaztearekin. Gainera, oso umezalea dela ere aitortu du; "umeak lotaratzen primerakoa"!
"Asko Maite Zaitut" saioaren omenaldia Orioko Ortzaika auzoan egin diote, bere jaiotetxearen ondoan. Han bildu dira berekin arraunean aritutakoak, arraun munduan egin dituen lagunak, familiako kide asko eta asko, Juanito Oiartzabal, eta baita emaztea, seme-alabak eta bilobak ere. Pozik hartu du omenaldia eta hunkitu ere egin da momenturen batean, bilobak azaldu eta txapela jarri diotenean.
Guztia amaitutakoan egindako elkarrizketan, "zeharo lo harrapatu" dugula aitortu dio Zuhaitz Gurrutxagari. Ez zuen inondik inora omenaldirik espero eta asko poztu da jende guzti hura ikusita. Hildakoan, "munduan lagunak uztea" handia dela uste du Jose Luis Kortak.
Jose Luis Korta protagonista izan duen "Asko Maite Zaitut" EiTB Nahieran dago ikusgai.