Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Ustekabean eta emozioz beteta hartu du 'Marko'k omenaldia

Bilbo, Kortezubi eta Gernikako lagunak bildu dira 'Marko'ri omenaldia egiteko 'Asko Maite Zaitut' saioan.

8:56

Jose Antonio Bastegieta 72 urteko kortezubiarra 'Marko' ezizenez da ezaguna. Egun, Gernikan bizi bada ere, Kortezubiko alkatea izan da musu truk 28 urtez. Herriari ahal bezain beste eskaini dio 'Markok' alkatetzan izan edo ez, eta hainbat lehiaketa gastronomiko eta ekitaldi antolatzen parte hartutakoa da.

Makilaren kofradiakoak izan dira 'Asko Maite Zaitut' saioko omenaldiaren antolatzaile nagusiak. Bilboko konpartsa batzuek osatzen dute kofradia, eta 'Markok' hainbestetan bertan eskainitako laguntza eskertu nahi diote bere lagun eta familiarekin batera. Gainera, aurretik egun beltzak pasatu ditu 'Marko'k; izan ere, sufritu duen gaixotasun bat dela-eta, hamaika egunez izan zen koman, hilzorian ia.

Zorigaitzak alde batera utzita, 'Marko'ren txakurra ezagutzeko aitzakiaz ezagutu dute elkar Zuhaitzek eta berak, eta, bertan adostu bezala, Kantauri itsasoko antxoa txapelketan batu dira Bilbon. Txapelketa 'faltsua' antolatu dute bertan, omenaldia egiteko aitzakian.

Txapelketako aurkezlea izan da 'Marko', eta ekitaldiak aurrera egin ahala, irabazlearen izena ezagutzerako ordua heldu da. 'Marko'k epaileak emandako gutuna zabaldu duenean, bere izena irakurri eta oker bat balitz legez hartu du albistea, bera izan baita irabazlea.

Sorpresaz josita hartu du omenaldia 'Marko'k. Kofradiako lagunek eta lankide izandakoek hainbestetan bere aldetik eskainitako guztia eskertu diote, eta euren maitasuna agertu. Musikaz eta dantzariz alaitutako kideak ere izan dira omenaldia girotzen, eta, bukatzeko, Gernikako lagunek 'Agur Xiberua' abestia lagungarri izan dute laguna zenbat maite duten adierazteko.