Asko maite zaitut
Omenaldia
Hitzik egin ezinda gelditu da Azpeitiko Karmen 'Asko Maite Zaitut'en
A.A. | EiTB
40 urtez gidatu izan duen Pastorkua jatetxearen aurrean egin diote Jose Mari Orbegozo dantzariak bultzatutako omenaldia.
Harrituta baina oso pozik hartu du Azpeitiko Karmen Etxeberriak 'Asko Maite Zaitut' saioak antolatutako omenaldia. Jose Mari Orbegozo dantzariak bultzatu zuen ekitaldia, urteetan etxekoandre eta lagun izan duenari eskerrak emateko.
Azpeitiko Pastorkua jatetxe ezaguneko etxekoandrea eta sukaldaria izan zen lau hamarkadaz baino gehiagoz Karmen Etxeberria getariarra. 14 urte zituela hasi zen Jose Mari Orbegozo lanean jatetxe hartan, eta, urteen poderioz, "bigarren ama" izatera iritsi zen. Gaur egun, oso harreman berezia dutela kontatu dio Jose Mari Orbegozok Zuhaitz Gurrutxagari; urtean pare bat aldiz Benidormera joaten dira "ama-semeak bezala".
Begoña Etxeberria ile-apaintzailearekin ere harreman polita du Karmenek, eta hori baliatu du saioak kamera-ezkutua ile-apaindegian egiteko. Eneritzek orraztu eta Benidormi buruz galdetzen dion bitartean, Interneten sarea jartzera etorritako bi teknikari xelebre izan dituzte inguruan, bazterrak nahasten.
Senarra zenarekin zabaldu zuen Pastorkua jatetxea Karmenek, Javier Merketegi semeak azaldu duenez. Gaur egun Javier da Pastorkuako lemazaina, baina ama langile nekaezina du eta, erretiroa hartuta ere, egunero-egunero joaten da bertara, lapiko artean zer giro dagoen ikustera. Hori dela eta, Pastorkua aurrean dagoen plazatxoan egin diote omenaldia Jose Mari Orbegozok, senideek eta lagunek Karmen Etxeberriari. Jose Mariren eskolako dantzarien saioaren ondoren, Orbegozok berak tango bat eskaini dio "etxekoandrea"ri, eta asko maite duela esan. Gertuko eta urrutiko lagunen eta familiaren agurra jaso eta gero, Imanol Lazkanoren bertso batekin eta agurra dantzatuz amaitu da ekitaldia.
Karmenek harrituta baina oso hunkituta hartu du omenaldia, "ederki engainatu" dutela onartu du, eta, begiak bustita zituela, "urte askoan horrelaxe jarraitu" dezatela opa die denei.
Saio osoa EiTB Nahieran dago ikusgai.