Omenaldiak
Omenaldia
Gustora hartu du Villabonako Agustin Laskurainek 'AMZ'ko omenaldia
A.A. | EiTB
Villabonako Irrintzi elkarteko lagunek bultzatu dute, baina Donostiako Txistulari Bandako lankideek eta Oinkari dantza taldekoek ere hartu dute parte.
Villabonako Agustin Laskurainek jaso du 'Asko Maite Zaitut' saioko omenaldia. Oso gustura, umore onean baina ahotsean dardara nabaritzen zitzaiola, erantzun dio Irrintzi elkarteko lagunek bultzatu duten saio honi. Urte pila batetan musutruk egindako lana eta gauza guztietan jartzen duen giroa eskertu nahi izan diote Irrintzikoek modu honetara; eta konplize izan dituzte baita ere, Agustinen lankide txistulariak, Oinkari dantza taldeko lagunak eta bere bi semeak.
Villabonako Irrintzi elkarteko kideek bultzatu dute Agustin Laskurainen omenaldia. 1981. urtean sortu zuten elkartea herriko hainbat koadrillen artean. Gastronomia eta kirola izan dituzte ardatz. Herriko gazteentzako txirrindulari eskola sortu zuten eta 200 gaztetxo inguru izan zituzten eurekin ikasten; garagardo azoka antolatu dute 20 urtez; herriko festetan hainbat ekitaldi antolatzen ibiltzen dira;
Agustinek berak omenaldian esan duenez, "perrexil samarra" da eta beste hainbat saltsatan ere sartua ibili izan: Oinkari dantza taldean adibidez. Horrez gainera, txistua oso garrantzitsua da Agustin Laskurainentzat. Ez soilik lanbide duelako (ofizioz Donostiako Udal Txistulari Bandako atabalaria da), baita, txistulari familia handi batetik datorrelako ere: aita, aitona eta osabak txistulariak izan zituen eta bere familian txistu-egileak ere izan dira.
Bere bizitzan hain presente dauden lagun hauek guztiek hartu nahi izan dute parte Villabonan egin dioten omenaldian. Guztiak ezkutuan lanean ibili dira, baina momenturen batean susmoren bat piztu izan zaio Laskuraini, Mikel Pagadik eta Zuhaitzek egindako kamera-ezkutuan adibidez. Omenaldiko garaia iritsi eta protagonista bera zela konturatu denean ere, hasiera batean, atzera egin du. Baina lagunei kaso eginez, plazan sartu da bizikletako gurpil eta garagardo-pitxarrez egindako arku baten azpitik.
Irrintzi elkarteko kideen hitzekin, txistulari lagunen doinuekin eta Oinkari dantza-taldearen koreografiarekin zoriontsu eta hunkituta, esker oneko hitzak izan ditu denentzako; batik bat emaztearentzako eta semeentzako, "horrelako familiagatik ez balitz, ez bailitzateke posible izango hainbeste gauzetan sartuta ibiltzea". Ahotsean dardara antzematen bazitzaion ere asmatu du Agustinek denei eskerrak eman eta berak ere "asko maite dituela" esaten.
Agustin Laskurain progonista duen "Asko Maite Zaitut" saioa EiTB Nahieran-en dago ikusgai.