Arte[faktua]
15:00etan
Bernardo Atxaga, denboraldiko azken protagonista, gaur, "Arte[faktua]" saioan
EiTB
Gainera, Ramon Agirre, Maialen Bereau, Igor Estankona, Patxi Apalategi, Isabel Etxeberria eta Ager Pascual izango dituzte gainontzeko ataletan.
Bernardo Atxaga idazle asteasuarra izango da "Arte[faktua]" saioaren hirugarren denboraldi honetako azken gonbidatua. Egun bizileku duen Zalduondon (Araba) elkartuko dira berarekin, besteak beste, Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu duen Etxeak eta hilobiak eleberriaz solastatzeko. Atxagaren esanetan, bere azken lan luzea izatea nahiko luke. Horrela, aurrerantzean, orain arte baztertuak izan dituen obra laburragoei helduko omen die. Liburua sei ataletan banatuta dago; bakoitzak istorio bat kontatzen du, baina pertsonaia batzuk behin baino gehiagotan agertzen dira, eleberri osoari lotura emanez. Azken finean, ibai bakarrera doazen errekak dira.
Esan bezala, Zalduondon elkartuko dira Atxagarekin. Zehatzagoak izanda, bertako Lazarraga jauregian: herrian oso esanguratsua den eraikinean, alajaina. Hortik hasi eta, saioaren lehenengo zatian, paseoan, idazlearen erreferente literarioez, gehien maite duen generoaz eta eleberri batek eman dezakeen lanaz arituko dira idazlea eta Yolanda Mendiola aurkezlea.
Ramon Agirre aktoreak bere liburu kutunen berri emango digu Apalat[egia] tartean. Bestalde, Maialen Bereau ETBko makillatzaileak Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburua gomendatuko digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Igor Estankonak, Patxi Apalategik eta Isabel Etxeberriak, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Horretaz gain, Ager Pascual bilbotarra izango da aste honetako Booktuber ataleko protagonista. Honek Erika Elizariren Zendabalitz liburua gomendatuko digu.
"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.