Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Fito Rodriguez idazle eta filosofo gasteiztarra, gaurko 'Arte[faktua]' saioan

EiTB

''Fake news'-ak ez dira atzo goizekoak' liburua aurkeztuko du.

1:47
Fito Rodriguez

Fito Rodriguez idazle eta filosofo gasteiztarra da aste honetako 'Arte[faktua]' literatur saioko gonbidatu nagusia. Hendaian elkartu dira berarekin, Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratutako saiakera liburuaz hitz egiteko: 'Fake news'-ak ez dira atzo goizekoak. Fitoren ustetan, nahiz eta fake news izenaz ezagutzen ditugunak gaurkotasun handiko gaia izan, aspalditik daude halakoak. Garai bateko zurrumurru edota esamesak, egun, ahoz eman beharrean, zuzenean, telefonoaren bidez edo sarean hedatzen dira. Horretaz aparte, Izendegi hutsa izeneko poema-liburua ere kaleratu du Rodriguezek Arabako Foru Aldundiaren eskutik.

Madrilgo Complutense Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziaduna eta Hezkuntza Zientzietan doktorea da. Besteak beste, Seaskan eta EHUn Filosofia irakasle izan da gasteiztarra. Bere hitzetan, "desfilosofizatzen ari da mundua, eskolatik eta batik bat institutuetatik": "Gero eta balio gutxiago dauka, eta horrek ondorioak dauzka: ez dago aukerarik hausnarketarako eguneroko bizitzan".

Mikel Asurmendi kazetaria gonbidatu du Rodriguezek elkarrizketara. Asurmendik kritika literarioa eta politika jorratzen ditu Argia aldizkarian. Eta, kazetaria izateaz gain, irakurle ona ere badela dio Fito Rodriguezek. 2007an, Komatxo artean izeneko bi liburu argitaratu zituen elkarrizketa literario eta mahai-inguruei buruz. Rodriguezek egin zion hitzaurrea.

Aste honetako Artefaktu[egilea] tartean, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izango dute protagonista.

Bestalde, irakurlearen tartean, Jokin Aldazabal Euskadi Irratiko esatari ohiak Lucy Cookeren La inesperada verdad sobre los animales liburua gomendatuko digu.  

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Mariasun Landak, Beñat Sarasolak eta Amagoia Gurrutxagak, astero legez, literaturaren inguruko galdera bati erantzungo diote.

Gainera, Armentia ikastolako June Castrok Agatha Christieren Sagutegia liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' larunbatean izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.